Ikasturte berriari hasiera emateko ospakizuna antolatzen du urtero Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak ikastola dagoen herri batean. 2022-2023ko ikasturtearen hasiera ekitaldia Bergaran egingo dute, bihar, goizeko hamaiketatik aurrera, Seminarixoan.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Bergaran egitearen arrazoiak hainbat dira: "Euskal Herri osoan dauzkagu ikastolak eta urte bakoitzean lurralde ezberdin batean egiten dugu. Aurten, Gipuzkoan egitea egokitzen zen, eta Bergara aukeratzearen arrazoietako bat izan da Aranzadi ikastolaren 50. urteurrena".
Alderdiak eta eragileak bertan
Gonbidatuen zerrenda itxi gabe badago ere, era guztietako gonbidatuak izango dira Seminarixoko ekitaldian. Alde batetik, Euskal Herriko ikastoletako zuzendaritzako eta artezkaritzako kideak bertaratuko dira. Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzako eta Aldundiko ordezkariak ere izango dira; baita Bergarako alkatea eta alderdi guztiak ere.
Era berean, alderdi politikoetako nahiz sindikatuetako kideak eta hezkuntzako eragileak ere gonbidatu dituzte.
Ordubeteko ekitaldia
Ordubeteko saioa izango da. Bergarako alkate Gorka Artolak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek hartuko dute hitza, hurrenez hurren, ekitaldian zehar.
Aranzadi eta Iruñeko Jaso ikastoletako ikasleen emanaldiek izango dute lekua Seminarixoan. Bergarako ikasleek emango diote ospakizunari hasiera, dantza batekin. Bestalde, Jaso musikala ikastola horretako DBH-ko ikasleek parte hartzeko proiektu pedagogikoa da, eta Sutan musikalaren zati txiki bat taularatuko dute. Jaso ikastolaren hamargarren obra da.