Bergarako Udalak zenbait udal partzela herritarren eskura jarriko ditu San Joxepen aisialdirako ortu modura erabiltzeko. 80 herritarrek egin dute eskaera, eta 75 onartu dira."Guztira 30 eta 50 metro karratuko bitarteko 96 lursail aterako dira zozketara, beraz, zozketa publikoa berez onartuak izan diren eskatzaileei zehazki zein lursail tokatuko zaien zehazteko izango da", zehatu du udalak.
Horrez gain, baztertutako eskaerak ere bideratuko direla jakinarazi du: "Aurreikusten da oraindik ere 16 eta 21 lursail bitartean libre gelditzea, beraz, horiek epez kanpo eskaera egin duten pertsonei esleituko zaizkie, eskaerak jaso diren hurrenkera errespetatuz, eta beti ere deialdiaren oinarrietan jasotako baldintzak betetzen badituzte".
Ikastaro bat ortuak erabiltzeko
Oinarrietan jasotzen denari jarraituz, lursailak ustiatuko dituzten herritarrek lau orduko ikastaroa egin beharko dute. Zozketaren egunean jakinaraziko dira egunak.