EAEko garraio publikoetan ezarri diren deskontuak Herribusean ere aplikatzeko eskaera egin dio Bergarako EAJk EH Bilduren gobernuari: "Herribusa Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako kide ez izan arren, bertan ezarritako beherapenekin bat egitea eskatzen dugu (...) Bide batez, Herribusa Gipuzkoako garraio publikoaren sarean sartzeko aukera aztertzeko lanketa egitea ere eskatzen dugu".
EAJren esanetan, "familien egoera ekonomikoa arintzea" eta, bide batez, herritarrek garraio publikoa "gehiago erabiltzea" sustatu ditzake proposamenak. Azaldu dute, egun, txartelik ez duten herritarrek 1,10 euro ordaintzen dituztela eta txartelarekin 0,60. Hala, Gipuzkoako garraio publikoak ezarritako beherapenen arabera, txartelarekin ordainduz gero, 0,30 euro ordainduko lituzke bidaiariak Herribusean. "Argi dugu mugikortasuna lantzeko aurrera pausuak eman behar direla. EH Bilduren mugikortasun planak kajoi batean gordeta jarraitzen du", azaldu du EAJk.