'Karmele', Asier Altuna lantzen ari den filma

Hasier Larrea 2022ko ira. 19a, 17:03

Zinemagile bergararra Zinemaldiko Spanish screenings foroan egongo da, 2024an grabatu nahi duen obrarako "banatzaile internazionala lortzeko asmoz". 36ko gerran eta 40ko hamarkadan girotutako gidoia ondu du, Ondarroako erizain bati buruzkoa.

Azken bost urteotan zuzendu dituen hiru pelikulak –Agur Etxebeste, Arzak since 1897, Hondalea– "enkarguz" egin ditu Txintxua Films ekoiztetxeko Asier Altunak; beraz, badu gogoa harengandik sortutako ikus-entzunezko proiektu bat aurrera ateratzeko. Kirmen Uribe idazlearen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian aurkitu du Karmele idazteko heldulekua: "Kirmenek berak kontatu zizkidan 1936an Ondarroatik alde egin zuen Urresti familiaren gorabeherak. Frantzian eta Venezuelan erbesteratu ziren, berriz Euskal Herrira itzuli aurretik. Hemen, Francoren aurkako ekintza klandestinoetan hartuko du parte; sendi horretako Karmeleren istorioak erakarri ninduen, mugimendu handiko eta bukaera dramatikoko bizitza izan baitzuen". Protagonista Bilboko tronpeta-jole sonatu batekin maiteminduko da Parisen; beraz, filma "bidaia musikal bat izango da, tokian tokiko erritmoz blai, epikaz betea eta oso gurea", azaldu du.

Finantzaketa fasean

Gastibeltzak taldearekin koproduzituko du filma Txintxuak, eta Altunak aipatu du ekoizteko "zaila" izango dela. Hortaz, ahalik eta dirulaguntza gehien lortzeko lanean dihardute: "Eusko Jaurlaritzako, Akitaniako eta hedabide ugaritako deialdietan eman dugu izena, Zinemaldian Spanish screenings foroan aurkeztuko gara banatzaile internazionalekin harremanak egiteko, eta Berlinale jaialdira joateko asmoa ere badugu".

Txintxua, lehian

Aurten, Altunak ez du filmik aurkeztuko Zinemaldian; bai, ordea, hura kide den ekoiztetxeak. Zuzendari berrien sailean, Maria Elorza gasteiztarrak opera prima aurkeztuko du: A los libros y a las mujeres canto; hilaren 22tik 24ra ikusi ahal izango da Zinemaldiko programazioaren baitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak