Ikurrinarekin eta Nafarroako banderarekin helmugaratu da Juan Martin Elexpuru, Espainiako jantziari uko eginez

Miren Arregi Amasorrain 2022ko ira. 18a, 16:47

Europako Duatloi Txapelketan lehiatu zen atzo Bilbon Juan Martin Elexpuru, 70-74 urteko mailan, eta antolakuntzaren eskaeren gainetik, Antxintxika Debagoiena triatloi taldearen elastikoarekin eta eskuetan Ikurrina eta Nafarroako bandera bana zituela helmugaratu zen.

Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko elkarte Gu Ere Baik abuztuan salatu zuen Europako Duatloi Txapelketan parte hartzeko ezinbestekoa zela herrialde bakoitzeko uniforme ofiziala erostea, eta beraz, Espainiako eta Frantziako elastikoak janztera behartuta zeuden parte hartzaileak. "Nik oso garbi neukan ez nuela jantziko", azaldu du Elexpuruk. "Nire helburua txapelketan parte hartzea zen, baina eskaerak zeintzuk ziren ikusirik, aldarrikapena lehen mailara ekartzea erabaki nuen". Gu Ere Bai elkartearekin kontaktuan jarri zen orduan eta ados zeudela ikusirik, aldarrikapenarekin aurrera egitea erabaki zuten.

Lasterketaren biharamunean, pozik dago Elexpuru egindakoarekin: "Lasterketa bukatzea lortu nuen eta sailkapenetan ere azaltzen naiz", dio. Bosgarren postuan amaitu zuen 11tik. Gainera, Gu Ere Bai taldeko kideen babes osoa izan zuen Elexpuruk eta hain zuzen, haiek alboan zituela egin zituen lasterketako azken metroak. Ondoren, elkarretaratze bat ere egin zuten.

Halere, tentsio momentuak bizi izan zituen lasterketan zehar. "Gezurretan ibili behar izan nuen zirkuitura sartu ahal izateko", dio. Open mailako parte hartzailea zela esan zuen sartu ahal izateko, proba hura ofiziala ez zenez, ez zeuden-eta behartuta Espainiako elastikoa janztera. "Ondoren elastikoa tapatzen ibili behar izan nintzen hainbat kontrol gainditu ahal izateko. Trantsizio baten epaile batek bukaeran nirekin hitz egin behar zuela esan zidan euskaraz, baina gero ez ginen berriz elkartu eta sailkapenean ere azaltzen naiz", gaineratu du.

Datorren zapatuan izango da Europako Duatloi Txapelketaren baitako proba nagusia eta hor euskal herritar askok emana du izena: "Ez dakit inor animatuko ote den gauza bera egitera", azaldu du Elexpuruk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak