Gazte ekintzaileak elkartu nahi ditu Miguel Altunak irailaren 28an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko ira. 15a, 12:49
Ekinola jardunaldia, iaz.

Ekintzaileei zuzendutako EKINola Etorkizuna zure eskuetan jardunaldia bigarren urtez egingo da Miguel Altuna Lanbide Heziketa Zentroan. Ideia berriak eta berritzaileak dituzten gazteendako goiz osoko saioa antolatu dute; irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du.

Ekainean egitekoa zen jardunaldia irailaren 28an egingo da. Miguel Altuna Lanbide Heziketak, Bergarako Udalak eta Enpresarek antolatu dituzte elkarlanean, Debagoieneko Mankomunitatearen eta Tknikaren laguntzarekin. Izen-ematea irailaren 22ra arte egongo da zabalik; Miguel Altunan eman behar da izena. Tazebaez aholkularitza taldeak gidatuko du jardunaldia.

Ekintzaileen arteko harremanak

Ideia berriak eta berritzaileak dituzten gazteendako jardunaldia da hilaren 28koa; autoenpleguaren inguruan "sentiberatze lanketa" eginez, enpresen eta ekintzaileen arteko harremana sortu, elkar ezagutza sustatu, eta negozio ideia berritzaileak partekatu eta landu nahi dira. Udal Gobernuaren arabera, Bergarak beti izan du "ekintzailetzarako grina. Ekimen honekin izaera hori indartu eta sustatu nahi da, gazteei enpresetan txertatzeko bidea egiten laguntzeaz gainera".

Ideia irabazleari 1.000 euro

Jardunaldiari hasiera emango diote Udaleko jarduneko alkate Ainhoa Letek, Miguel Altunako zuzendari Joxu Aranak eta jardunaldiaren gidari Tazebaez enpresako ordezkariek (08:00). Gero, 08:10etik 08:50era, Zerbimek, Garau eta Skura Mobile enpresetako ekintzaileek euren proiektuak azalduko dituzte bost minututan eta ondoren ordu erdiko mahai-ingurua egingo dute. 08:50etik 09:00etara hiru erronkak azalduko dituzte Tazebaez enpresakoek, honako ordutegi honekin: ideien sailkapena eta aukeraketa (09:30-10:00); negozio ereduaren aurkezpena (10:00-10:15); negozio ereduaren eta buyer pertsonaren lanketa (10:15-11:15); atsedenaldia (11:15-11:45); prototipoen lanketa (11:45-12:30); pitching-aren azalpena (12:30-12:45); pitching-aren prestakuntza (12:45- 13:15); aurkezpenak (13:15-14:00); sari banaketa (14:00-14:15); enpresa bati omenaldia (14:15-14:30); eta jardunaldiaren itxiera (14:30). Ideia irabazleari 1.000 euroko saria emango diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak