Deitzaileek gaur Donostian egindako prentsaurrekoan salatu dute, Bergarako plantari begira, Eusko Jaurlaritzak "alfonbra gorria" jarri diola Valogreene enpresari: "Zaldibarren gertatutakoaren ondoren hondakin hauei irtenbidea eman behar diete. Hondakinak murriztera eta berreskuratzera derrigortu beharrean, Jaurlaritzak alfonbra gorria jarri dio Valogreene enpresari Euskadiko zazpi paper enpresen hondakinak erre ditzan. Jaurlaritzak, beti bezala, Valogreene-n proiektua garapen iraunkorreko helburuekin bat datorrela defendatzen du eta enpresari hiru milioi euro eman dizkio proiektua aurrera eramateko. Baina errealitatea beste bat da; erraustegi honek urtean 592.000 tona gas, 90.000 tona ur kutsatu, 8.000 tona hondakin arriskutsu, metal astunak eta dioxinak sortuko ditu, besteak beste".
'Tapia Legea' salatzera datoz
Horrez gain, Jaurlaritzaren "jarrera antidemokratikoa" eta Tapia Legea ere gogor kritikatu dituzte: "Haientzat estrategikoa den edozein proiektu aurrera ateratzeko aukera ematen dio, herritarren eta Udalen iritzien eta arauen gainetik pasata. Hauxe da Bergaran gertatzen ari dena; nahiz eta herritarrek eta Udalak aurka egin, Jaurlaritzak dagoeneko eman du beharrezkoa den Ingurumen Baimen Bateratua".