Julen Irizar: "Erorikoaren ostean jaiki eta ikusi dut lasterketa amaitzeko moduan nengoela"

Xabier Urtzelai 2022ko uzt. 26a, 08:32
Julen Irizar, Ordiziako klasikoko mendiko saria jasotzen, atzo Ordizian. Argazkia: Euskaltel-Euskadi

Euskaltel-Euskadiko ziklista Julen Irizar izan zen atzo Ordizian jokatutako klasikoko protagonistetako bat. Bergarakoak denetarako astia izan zuen, eguneko ihesaldian sartu, mendiko saria irabazteko behar zituen puntuak batu, larria izan zitekeen erorikotik berehala errekuperatu, eta lasterketa amaitzea lortu zuen –mendiko sariko garaikurrarekin erretiratu zen etxera–. Eta, lasterketa irabazi zuen Simon Yates-ek ere ez zituen horrenbeste animu jaso, Irizarrek koadrilakoak zituen-eta bide bazterrean.

Ordiziako klasikoa irabazi du bigarren urtez Simon Yates ziklista britainiarrak. 2016an jantzi zuen txapela hori azkenekoz, eta domekan beste erakustaldi bat eman zuen, Abaltsizketako azken igoeran erasoa jo eta bakarrik helmugaratuta. Lasterketak, baina, protagonista asko izan zituen, eta horietako bat izan zen Julen Irizar bergararra. Euskaltel Euskadikoa eguneko ihesaldian zihoan, aurreko gurpilarekin Marcos Juradoren atzeko gurpila ikutu zuenean, eta lurrera joan zen, bide bazterreko hesiak txiripaz saihestuta: "Hasieran uste nuen min hartu nuela, baina lurretik altxa nintzen, bizikleta gainera igo, eta ikusi nuen lasterketa amaitzeko kapaz nintzela".

Eta ahalegin horrek saria izan zuen, ihesaldian batzen joan zen puntuei esker Irizarrek mendiko saria eraman zuen-eta etxera: "Etxeko lasterketetan hor egoten saiatzen gara, eta pozgarria da saria irabazi izana", adierazi zuen podiumean.

Sare sozialetan zabaldu den irudietako bat, hain zuzen, Irizarren lagun taldekoena da. Ez du kexarik izango ziklista laranjak, errepide bazterrean babes galanta izan zuen eta. Abaltsizketako gainera iritsi baino kilometro bat lehenago zeuden makina bat zale bergarar, Irizarren erretratu handiekin, animatzen. Eta tropela iritsi bitartean, dantzarako ere aprobetxatu zuten.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak