Andoni Moñux Ugalde: "Musika egiten pozik jarraitzea dut helburu"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko uzt. 25a, 11:10

Espainiako tuba-joleen Elkarteak Malagan egin duen nazioarteko topaketan bi sari "handi" irabazi ditu egunotan Vienako Grafenegg Festival-en dagoen bergararrak.

Amsterdameko kontserbatorioan lau urteko ikasketak egin ondoren, 2019a ezkero Zurichen bizi da, tuba instrumentuaren goi mailako ikasketak egiten.

Orkestra modalitateko lehen saria eta bakarlari modalitateko bigarrena jaso zenituen Malagan. Pozik?

Oso pozik lortutakoarekin! Musika lehiaketak asko dira, baina ez dago tuba instrumentuari bereziki eskainitako askorik, eta Espainiako Tuba-joleen Elkarteak (AETyB) antolatzen duena oso garrantzitsua da niretzat.

Juan Carlos Ribellesi eskaini zenizkion sariak. Nor da hura?

Azken hamarkadetan Euskal Herrian izan den musika-pedagogo garrantzitsuenetakoa izan da. Tuba instrumentuarekiko maitasuna eta garrantzia sustatu du Donostiako Kontserbatorioko ikasleengan; adibidez, nigan. Zoritxarrez, osasun arrazoiengatik ezin izan da aurtengo nazioarteko jaialdian izan, eta faltan igarri dut.

Austrian zaude egunotan. Zertan?

Vienan egiten den Grafenegg Festival-eko orkestrarekin nago lanean; jaialdiko orkestrako tuba-jolea naiz. Musika klasikoaren esparruan mundu mailako jaialdi garrantzitsuenetakoa da. Akademia moduan planteatuta dago orkestra hori, bi aste irauten du, eta bi kontzertu egiten dira. Jorratzen dugun musika, batez ere, musika moderno-garaikidea da.

Egun Zurichen bizi zara. Zer moduz?

Anne Jelle Visser Herbehereetako irakaslearekin tubako goi mailako ikasketak egiteko asmoz joan nintzen Suitzara, eta, ikasketa horiek egin ondoren, tuba-bakarlari espezializazioa egiten ari naiz orain. Bestalde, toki askotako orkestrekin eta taldeekin proiektu askotan hartzen dut parte; horien artean, Bilboko eta Euskadiko orkestretan eta Frankfurteko Ensemble Modern taldean. Era berean, mundu osoko orkestra sinfoniko askotan sarrera-probak egiten nabil, egunen batean musikari guztien ametsa den lan postu finkoa lortzeko gogoz.

Musikari moduan, ze puntutan sentitzen zara orain?

Musikarion egungo egoera kontuan hartuta, eta ikasketak bukatzear dagoen gazte-profesional moduan, nire ibilaldiko puntu gakoan nagoela sentitzen dut. Urte hauetan nabarmenduko da zein den nire ibilaldi artistikoak hartuko duen bidea.

Abuzturako ze asmo?

Pare bat aste Bergaran egingo ditut, familiari eta lagunei bisita egiteko. Suitzara itzuliko naiz gero, eta Lucerne Festival-eko orkestran parte hartuko dut, musika garaikidea jorratzen duen proiektuan. Eta ondoren, nire goi mailako ikasketekin jarraituko dut.

Eta aurrera begira, zer diozu?

Errendimendu maila handia mantentzen eta igotzen jarraitu nahiko nuke, noski, eta neure burua, arlo pertsonalean zein artistikoan, ezagutzen jarraitzea. Bizitzak eramaten nauen lekuan musika egiten pozik jarraitzea da nire helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak