Gaur emango zaie hasiera Bolua auzoko Santa Ana jaiei

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 22a, 12:34

Gonzalez Chirlaquek konposatutako 'Boluko zelaia' martxarekin egingo ditu jaitsiera eta igoera Santanatxok.

Bi urteko etenaren ostean, bueltan datoz berriro ere hainbat auzotako festak datozen asteetan. Uztailean bi auzotako festak ospatuko dira eta abuztuan, berriz, bost lekuk hartuko dituzte jaiak.

Gaur bertan arratsaldeko zortzietan lehertuko da hiru eguneko festa Boluan, zortzietan botako duten txupinarekin eta Santanatxoren jaitsierarekin. Aurten, lehen aldiz, Gonzalez Chirlaquek Bolua auzoarentzat eta Jose Mari Arrondorentzat sortu duen Boluko zelaia martxarekin jaitsiko da Santanatxo. Hiru eguneko egitaraua antolatu dute, eta aurreneko egunean buruhandiez, gozoki banaketaz eta hiru talderen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute.

Bihar goizerako, pintura lehiaketa, umeendako jolasak, txorizo-pintxoak eta poteoa antolatu dituzte. Ondoren, 14:30ean, herri bazkaria izango da, eta arratsaldean, puzgarrietan jolastu eta Txan magoaren emanaldia ikusteko aukera izango dute etxeko txikiek. Arratsaldeko zazpietan, berriz, Suker orkestrak girotuko du auzoa.

Domeka izango da Santa Ana jaien azken eguna, eta pilota partidekin hasiko dute, goizeko hamaiketan. Eguerdirako bi ekintza antolatu dituzte: alde batetik, VIII. patata-tortilla txapelketa; eta, bestetik, haurrendako puzgarriak. 13:00etan, apar-festa izango da, eta ordu erdi geroago, kantu-poteoa egingo dute Boluko Otxotearekin. Arratsaldean, sukaldera lehiaketa, igel eta noka txapelketak eta Iveer DJa egongo dira. Gauerdian emango zaie amaiera auzoko festei, Santanatxoren igoerarekin eta Boluko zelaia martxarekin.

Basalgo auzoko jaiak

Uztailaren 25ean izango dira Basalgo auzoko festak eta dagoeneko prest dute egitaraua. Ekitaldiak goizean zehar izango dira. Mesa nagusia egingo dute goizeko hamaiketan, eta ordubete geroago, hamabietan, trikitilarien txanda izango da. Ordu berean izango dira luntxa eta pilota partidak. Festa auzo bazkariarekin biribilduko dute.

Abuztuan jaiek etenik ez

Festei dagokienez, abuztua indartsu dator, herriko bost auzotara itzuliko baitira ospakizunak. Alde batetik, egun bateko jaiak antolatu dituzte zenbait auzotan. Abuztuaren 10ean, San Lorenzo auzoko jaiak izango dira. Abuztuaren 15ean, berriz, Elexamendiko Andra Mari jaiak izango dira. Egun bat geroago, abuztuaren 16an, sanrokeak ospatuko dira. Abuztuaren 24an ere badute zer ospatu, Zabaletamendi-Angiozar auzoak San Bartolome jaiak antolatu baititu. Abuztuaren 26tik 28ra Kofraixak ospatuko dira Osintxun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak