Datorren ikasturteari so Jardun Euskara Elkartea

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 22a, 10:45

75 metroko txirrista erraldoian ibili dira udaleku irekietako haurrak. (Argazkia: Irina Alvarez)

Atzo egin zuten batzar orokorrean, aurtengo eta datorren urteko ikasturtea izan zituzten hizpide, besteak beste; halaber, gaur goizean emango zaie amaiera lau aste iraun duten udaleku irekiei, San Martin plazan egingo duten jaiarekin.

Jardun Euskara Elkarteak batzar orokorra egin zuen atzo arratsaldean, Irizar jauregian, eta hainbat puntu izan zituzten ardatz; tartean, urteko errepasoa, diru-kontuen balantzea eta aurrera begirako egitasmoak.

Jarduneko kideek ikasturtearen balorazio positiboa egin dute, aurten pandemiak ez baitu aurreko bi urteetan bezain beste eragin: "Egia esanda, aurtengo ikasturtea iazkoa baino errazagoa izan da ekintzak antolatzeko orduan. Pandemia garaian neurriak hartuta jarduerak antolatu baditugu ere, urte honetan, beste lasaitasun batekin egin dugu. Geldirik egon diren egitasmoak martxan jarri dira, eta besteak normalitate gehiagorekin burutu ditugu".

Datorren ikasturtera begira zer?

Ikasturtea "gustura" amaitu dutela baieztatu dute Jarduneko kideek. Nabarmendu dute jendeak ondo erantzun duela ohiko ekintzetan parte hartuz, eta horrek arnasa eta motibazioa eman dizkiela aurrera jarraitzeko. Halaber, "pozik" daude, aurreikusten zituzten ekintzak aurrera atera direlako.

Datorren urterako egitasmoei dagokienez, antzerakoak izatea aurreikusten dute; hori bai, Euskaraldiaren aldeko apustu sendoa egin dutela adierazi dute: "Halako egitasmoak dakarren lan guztiarekin, gure helburua ez da hamabost eguneko kontua izatea. Haratago joatea da asmoa. Aurrera begira jarri nahi dugu, eta hizkuntza ohituretan benetan eragin. Halaber, jarraipena eman nahi diegu hizkuntza ohiturak aldatzen joateko egitasmoei".

Bestalde, indartsu agertu dira datorren urtera begira: "Indartsu eta erronka berriak hartzeko nahiz eremu ezberdinetan eragiteko gogoz gaude".

Udaleku irekien azken eguna

Gaur bertan emango zaie amaiera aurtengo udaleku irekiei, 11:30etik aurrera San Martin plazan egingo den jaiarekin. Alde batetik, herriko hainbat kaletan grabatuko dute lipdub-a, eta, ondoren, pregoia irakurriko dute, lau aste hauei amaiera emateko.

Ia laurehun neska-mutilek hartu dute parte Jardun Euskara Elkarteak kudeatzen dituen udal udalekuetan. Ekainaren 27an hasi zuten jarduna, eta ordutik denetariko ekimenak antolatu dituzte. Adibidez, joan den egubakoitzean, Txan magoak eskaini zuen ikuskizuna. Berrikuntzak ere egon dira egitarauan. Adibidez, Arrizuri kalean jarri zuten 75 metroko txirrista erraldoia. Jarduera askotaz gozatzeko aukera izan dute haurrek lau astez. Udalekutako argazki guztiak Jardun Euskara Elkartearen webgunean daude ikusgai.

Bergarako Udalak gaineratu duenez, "osasun pandemia aurreko egoeran gauzatu dira jarduerak".

Jardunen postal lehiaketa, martxan

Ohi bezala, udako euskarazko postal lehiaketa antolatu du Jardunek. Hamaikagarren edizioa da aurtengoa eta nahi duen orok Euskal Herriko nahiz munduko edozein txokotatik bidal dezake testua postal batean. Lehiaketaren helburu nagusia komunikazio informal eta idatzietan euskara erabiltzea da. Parte hartzaile bakoitzak nahi beste postal bidal ditzake, euskaraz idatzita. Gaia librea da. Postalak jasotzeko azken eguna 2022ko irailaren 18a izango da, eta parte hartzaile guztien artean 60 euro zozkatuko dituzte. Postalak Jardun Euskara Elkartearen helbidera bidali behar dira (Errotalde jauregia z.g.). Informazio gehiago, 943 76 36 61 edo 605 71 24 69 telefono zenbakietan nahiz www.jardun.eus webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak