Txalo zaparrada Bergaran 'Boluko zelaia' piezarendako eta Arrondo zein Gonzalez Chirlaquerendako

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko uzt. 17a, 16:07

Nola ez, beroak baldintzatutako emanaldia izan da, baina Boluko zelaia pieza berriak harrera oso ona izan du. Bandako kide ohi Jose Mari Arrondok eskatuta Alfredo Gonzalez Chirlaquek sortua, gaur estreinatu dute jendaurrean eta bi aldiz entzuteko aukera izan dute bertaratutakoek, kontzertuaren hasieran eta amaieran. Gonzalez Chirlaquek zuzendu du banda bi aukeretan, eta Arrondori egin dio eskaintza; hari eman dio piezaren partitura.

Berezia izan da Bergarako Musika Bandak gaur eguerdian egindako emanaldia. Bandako kideek kalejira egin dute lehenengo herriko plazatik 11:30ean abiatuta. Festa giroko gazte taldea izan dute atzetik ibilbide osoan saltoka eta txaloka.

Udal pilotalekuko kontzertua 12:30ean hasi da. Ez da bete, baina jendetsua izan da eta errepertorioko lehen pieza izan da Boluko zelaia. Alfredo Gonzalez Chirlaquek zuzendu du banda berak sortutako pieza jotzeko. Ordurako lehen lerroan zen bandako kide ohi Jose Mari Arrondo gertukoekin eta adi entzun du pieza. Amaitutakoan txalo zaparrada jaso dute bandako kideek, Gonzalez Chirlaquek zein Jose Mari Arrondok. Gonzalez Chirlaquek Arrondori eskaini dio pieza baita partitura eman ere. Gogoan hartu behar da oso gertuko lagunak direla biak eta Arrondok eskatu zion Gonzalez Chirlaqueri Boluari eskainitako martxa bat sortzeko.

Beste bost pieza kontzertuan

Egungo bandako zuzendari Enrike Txurrukak hartu du orduan bandaren gidaritza eta egitarauko gainerako piezak jo ditu bandak; Euskeria (Mariano San Miguel), How to train your dragon (John Powell), Algona overtura (Jan Van der Roost), Soca (Victoriano Valencia) eta Daft punk medley (Daft Punk). Estilo askotariko piezak, Bergarako Musika Bandak ohi duen moduan.

Amaieran, Boluko zelaia jo dute berriz ere. Bigarren aldi honetan ere Gonzalez Chirlaquek zuzendu du banda eta amaieran txalo zaparrada luzea entzun da beste behin.

Kontzertua amaituta bandako kideen unean izan da. Asko gerturatu dira Jose Mari Arrondorengana agurtzera eta zoriontzera. Jakin nahi zuten pieza gustatu zaion, eta argi hitz egin du Arrondok: "Pieza polita, serioa eta onena. Banda dago a tope. Euskadiko bandarik onena da". Talde argazkia atera dute jarraian bandako kide guztiek, zuzendari biek, eta Arrondok etxekoekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak