"Nahiko nuke dendak kutsu bera mantentzea"

Hasier Larrea 2022ko uzt. 16a, 13:51

Apirileko azken egunean itxi zituen ateak Xamartinek, herriko kirol arropen denda nagusiak, 29 urtean zabalik egon ostean. Orain, erreleboa topatu guran dabil Marije Baños-Antigua arropa saltzailea.

Ofizioa Bolintxo arropa dendan ikasi zuen Marije Baños-Antiguak 10 urteko epean, eta, ondoren,
familia-negozioa ireki zuten alboan, Ibargarai hiribideko 20. zenbakian. "Toki onean" dago denda, eta, alokatu nahi duenak Korosti higiezinen agentzian galde dezake.

Xamartin izena, zer dela eta?

Nire senarraren familia Xamartin baserrikoa denez eta bertan bizi garenez, dendari ere izen hori jarri genion.

Jubilatzeko adina iritsi al zaizu?

Bai; lehenago ere erretiratu nintekeen, baina gustuko nuen nire lana. Ez zitzaizkigun-eta bergararrak bakarrik etortzen, baita Antzuola, Elgeta, Aretxabaleta eta Arrasatekoak ere, esaterako. Ezagun ugari ditugu eta gurera etortzea aukeratzen zuten.

Gogoko izango zituzten dendako jantziak.

Arropagatik esaten zuten ona eta polita zela, marka eta kalitate onekoak: Trango, Astore, Ternua, Chiruca, Merrell… Jendeari gustatzen zaizkion markak dira. Orokorrean, kirol guztietako jantziak saldu izan ditugu: mendirako eta paseatzeko zapatila eta botak, txamarrak…

Gehiago saltzen da gaur egun?

Esango nuke baietz. Pandemiak ere eragin du gorakada, ondo saldu baikenuen orduan. Asko paseoan egiteko jantzi bila etorri izan zaigu.

Sektorearen etorkizuna osasuntsu dago, beraz.

Kirol arropan lehen baino aukera zabalagoa dago orain, eta horrek mesede egiten dio saltzaileari. Gu prest gaude negozioan jarraitzeko interesa duten gazteei gomendioak emateko, baina beste eskaintza batzuek ere zabalik dituzte ateak.

Orain online eran saltzea al da erronka?

Bai; guk beti saldu izan dugudendan soilik, baina argi dago hori dela joera. Horrez gain, fakturak Ticketbai sistemarekin egiten ikasi beharra dago. Horrek ere eragin du erreleboa eskatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak