Mikel Mujika, euskaldun azkarrena Gasteizen

Xabier Urtzelai 2022ko uzt. 15a, 17:19

Mikel Mujika, domekan, bizikletako tartean. Argazkia: @EDUBORROWSPORT

Bergarakoa hamabigarrena izan zen domekan egin zuten Gasteizko Ironman proban –profesional ez direnen artean bigarren– eta nota onarekin gainditu zuen urrian egingo duen Hawaiiko Ironman probarako testa. 8 ordu eta 27 minutu.

Badirudi baietz, Mikel Mujikak 2019tik daukan ametsa urrian gauzatu ahal izango duela. Izan ere, Bergarako triatleta duela hiru urte sailkatu zen, Frantzian egindako lasterketan, munduko ironman proba ezagunerako; alegia, Hawaiirako. Baina pandemia tarteko hainbatetan atzeratu dute proba, eta, dena ondo bidean, urriaren 8an irteera puntuan egongo da.

Hiru urte hauek ez ditu, baina, alferrik galdu. 2019koa baino askoz ere triatleta osoagoa da Mujika, eta domekan erakutsi zuen hori, Gasteizko Ironman proban: "Entrenatzailearekin denboraldia prestatu nuenean adostu genuen Gasteizkoa lasterketa egokia zela denboraldiko lehenengo sasoi puntua hartzeko, eta urrira begira test modura hartu genuen lasterketa. Hala, hitzordura fresko iristeko bestetan baino lasterketa gutxiago egin ditut aurten –Alusigma Peñota Dental taldearekin Espainiako txapeldun izan da– eta domekan oso-oso gustura ibili nintzen".

Profesional asko baino hobeto

Bergarakoa lasterketako oilarrekin ibili zen borrokan, eta ez bakarrik profesional ez diren multzokoekin: "Igeriketako tartetik konturatu nintzen gorputza ondo erantzuten ari zitzaidala, tarte guztietan egin nituen aurreikusitakoak baino denbora hobeak [53 minutu igeri, 4 ordu eta 29 minutu bizikletan eta maratoia 2 ordu eta 58 minututan, guztira 8 ordu eta 27 minutu], eta nire lasterketan kontzentratu nintzen; bereziki, ondo jaten eta ondo edaten". Izan ere, domekan bero itogarria egin zuen Gasteizen. "Bereziki, korrikako tartean sufritu genuen gehien; 14:00 aldera hasi nintzen korrika eta sekulako beroa egiten zuen. Oso garrantzitsua izan zen ondo hidratatzea, baina ibilbidean zehar jaso nituen animo guztiek izugarri lagundu zidaten, ez dago etxe ondoan lehiatzea modukorik".

Hala, helmugara sartzera zihoanean esatari lanetan zebilen Aitor Elduaienek nabarmendu zuen Mujika zela lehen euskalduna, eta Bergarakoari oilo-ipurdia jarri zitzaion bere burua pantaila erraldoian ikusi zuenean. "Peru Alfaro moduko triatleta profesionalen aurretik helmugaratu izana sorpresa izan da niretako, maila honetan jarraitzera animatzen nau eta datozen hilabeteetarako motibazio iturri handia da Gasteizen lortutako emaitza. Izan ere, irakasle lanetan azken hilabetea ez da erraza izan, ebaluazioetan ibili garelako buru-belarri, eta, nahiz eta jakin etxerako lanak eginda nituela, estresak jota ibili naiz. Orain, berriz, bi hilabete ditut aurretik, lehenengo ondo errekuperatu eta gero Hawaiiko hitzordua ondo prestatzeko".

"Zaletasuna da, ez lanbidea"

Gasteizko emaitzarekin bat baino gehiago harritu egin da Mujikak irakasle lan egiten duela jakinda. "Aurrekoan brometan esan zidan batek ze ondo bizi garen triatletak, eta erantzun nion irakasle egiten nuela lan. Eta nahiago dut horrela. Profesional dabiltzanak badaude, baina gutxi batzuk bizi dira ondo, eta nik, berriz, gustuko dut nire lanbidea. Triatloia zaletasuna da. Egia da zaletasun honi denbora eta baliabide asko eskaintzen dizkiodala, seriotasunez hartzen dudala, baina, oraingoz, gustura nabil eta halaxe jarraitzeko asmoa dut". Beste kontu bat da emaitza onak lortzeko presio barik triatleta lizentzia profesionala ateratzea. "Oraingoz, ezin dut halakorik egin, urrian ezingo nukeelako Hawaiin parte hartu. Handik bueltan erabakiko dugu zer egin". Oraingoz, udan gogor entrenatzea tokatzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak