Lau bergarar, 'Mussara 24H' txirrindularitza lasterketako garaile

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 12a, 15:40

Bergara Z.E. taldeko kideak, txapeldunen oroigarriarekin. (Argazkia: Gotzon Aranguren)

Montmelo udalerrian kokatuta dagoen Kataluniako Zirkuituan jokatu da asteburuan Mussara 24H txirrindularitza lasterketa. Lau bergarar aritu ziren egun batez zirkuituan bueltaka, erreleboka. Proba osatzetik harago, T4 modalitateko garaipenarekin zein 95 talde parte-hartzaileen arteko itzuli azkarrenarekin egin dute etxerako bidaia.

Bat Formulatik eta Munduko Motoziklismo Txapelketatik harago, maila eta mota askotako probak jokatzen dira Kataluniako Zirkuituan, Montmelon. Hamilton, Verstappen, Quartararo, Marquez eta konpainiak lau bergararri eman zieten erreleboa iragan asteburuan; Mikel Aristegi, Ibon Mujika, Aritz Aranguren eta Gotzon Arangureni, hain zuzen. Baita gasolinak pedalei ere. Mussara 24H txirrindularitza lasterketa zen arrazoia.

Izenak berak dioen bezala, lasterketaren xedea taldeka 4.745 metroko zirkuituari ahal beste itzuli ematea da. 6, 12 zein 24 orduko lasterketak antolatu zituzten, eta binaka, launaka, seinaka zein zortzinaka parte hartzeko aukera zegoen. Lasterketa luzeenean eta launaka aritu ziren bergararrak. Zapatu goizeko 10:00etan abiatu zuten proba "erronka" gisa definitu zuten. 

Garaipena

Proba osatzea ez zen izan debagoiendarren balentria bakarra. Izan ere, "emozioz betetako karrera" baten ostean, "azken bueltara arte" beste laukote batekin aritu ziren lehian; "azken esprintean ekarri genuen garaipena Bergarara", adierazi diote Goienari. 195 itzuli edo 925,27 kilometro egin zituzten lauen artean. Hona sailkapena.

Kategoriako garaipenaz harago, lehiaketa osoko itzuli azkarrena ere osatu zuten Bergara Z.E. izenpean aritu ziren kideek; 6 minutu, 28 segundo eta 97 milaren behar izan zituzten ia bost kilometroko zirkuitua osatzeko itzulietako batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak