Bi sarirekin itzuli da Andoni Moñux tuba jotzailea Malagatik

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 12a, 14:07

(Argazkia: Andoni Moñux)

Espainiako Tuba eta Bonbardino Elkarteak antolatuta (AETYB), uztailaren 6tik 10era kongresua egin da Malagan, eta bertan izan da Andoni Moñux. Hitzaldi, ikasgai magistral edota kontzertuen artean, lehiarako aukera ere izan dute musikariek. Tuba jotzaile bergararrak bi emaitza aipagarri lortu ditu; lehen eta bigarren postu bana, hain zuzen.

2012az geroztik, Bartzelona, Valentzia zein Madrilen egin da Espainiako Tuba eta Bonbardino Elkarteak antolatutako AETyB kongresua. Malagaren txanda izan da aurtengoan. Uztailaren 6tik 10era, tuba eta bonbardinoaren bueltako hamarnaka musikari batu dira –antolatzaileen arabera, 400 lagun inguru aurreko edizioetan–; tartean, Andoni Moñux tuba jotzaile bergararra.

Kontzertu, hitzaldi, ikasgai magistral, tailer, erakusketa eta abarrez gozatu ahal izan dute bertaratuek. Baita lehiaketez ere. Moñuxek tubarekin hartu du parte kongresuko sariketatan, eta bi aipamen eskuratu ditu; lehen saria orkestra modalitatean, eta bigarren saria bakarlarien kategorian. Goienari adierazi dionez, "ohore handia izan da aurtengo kongresuan aktiboki parte hartu izana".

Eskaintza

Bere garapenean "oso garrantzitsua" izan dela iritzita, eta gazteei "irakasten eta inspiratzen" jarraitu ahal izango duenaren esperantzan, Andaluzian lortutako bi sariak izen-abizenekin eskertu nahi izan ditu Moñuxek: "Hau zuretzat da, Juan Carlos Ribelles". Halaber, eskerrak eman nahi izan die kongresua antolatzen aritu den elkarteari, "tuba ikusaraziz eta merezi duen garrantzia emanez" egiten diharduten lanagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak