Bergaran, Aldai-Egia auzoan ospatu dituzte jaiak. Barikuan hasi zituzten jaiak, pinua altxatzearekin batera. Ermitaren aurrealdean dago pinua, hortentsia lorez apainduta eta ikurrinarekin. "Lehen ohitura zen pinua igotzea, baina, egun, ez da egiten. Atzo, bat edo beste, ahalegindu zen baina leihoraino bakarrik igo zuten", azaldu du auzoko alkate Xabier Garitaonandiak.
Atzo jende asko joan zela auzora gehitu du: parrandak gaur goizeko 10:00ak arte iraun du Aldai-Egian. Ondoren, dena txukun ipini eta mezaren ordua iritsi da. Jende dezente joan da mezetara, izan ere ondoren, San Kristobal eguneko ohiturari jarraituz, autoak bedeinkatu dituzte. Jon Molina apaizak izan du ardura: auzora joandako autoak eta motorrak bedeinkatu ditu.
Bedeinkapenaren ondoren luncharen ordua iritsi da: mariatxi doinuez lagunduta erretiratuek luncha izan dute auzoan.
Oñatin eta Aramaion
Oñatin ere, Olabarrietan dagoen ermitaren ondoan autoak bedeinkatu dituzte; eta, Aramaioko Uribarri auzoan jaiak izan dituzte gaur. Meza izan dute goizean eta ondoren bazkaria eta bolo txapelketa.

