Ikasturtea bukatzear dute Bergarako San Joxepe erretiratuen elkartekoek. San Martzial egunean, letania egin zutenendako, txokolate-jana prestatu ostean, mendi aldera egingo dute hilaren 12an. 09:30ean irtengo dira elkartea aurretik, eta eguerdi aldera bukatuko dute mendi martxa. Hamaiketako egingo dute ibilaldian zehar, eta bukaeran, mahaiaren bueltan elkartuko dira, bazkaltzeko.
Ibilaldian parte hartu gura dutenek San Joxepen eman beharko dute izena, aurrez.
Ikasturte berriari begira
Ikasturtea bukatu ez duten arren, hurrengora begira ipini dira dagoeneko: ikastaroak aukeratzen, ekitaldiak antolatzen... Bada, zuzendaritza batzordea edozein herritarrek eta eragilek egindako proposamenak jasotzeko gogoz dago. Egitaraua osatu ez duten arren, jakin badakite noiz hasiko duten ikasturte berria: irailaren 12an.