EAJk "gardentasun eta lankidetzarako borondate falta" leporatu dizkio EH Bilduren Udal Gobernuari, bereziki Arrizuriaga jauregiaren proiektuen bueltan. "Aurreko agintaldian, EAJ Udal Gobernuan zegoela, lanketak hasi ziren kanpoko enpresa batekin eta oso kritikatua izan zen orduan oposizioan zegoen EH Bilduren partetik, eta mahai gainean geratu zen zirriborroa. Orain, hiru urte geroago eta oposizioarekin inongo aldez aurretiko lanketarik egin gabe, inongo adostasunik lortu gabe –ez proiektuan, ezta partaidetza prozesuaren diseinuan–, herritarrei egindako lana eta aurrera begirakoak saltzeko bilera antolatu dute; hauteskunde kanpainan daude, hiru urtetan egin ez dutena azken urtean egin nahi dute", adierazi du EAJko bozeramaile Maite Agirrek, ohar bidez.
Arrizuriaga, 'coworking' gune
Arrizuriaga jauregia coworking gune bihurtu nahi dute jeltzaleek, maiatzean etxez etxe banatutako esku-orrietan azpimarratzen zutenez: "Eraikinak hamaika erabilera izan ditzake, baina Arrizuriaga proiektu berritzaile baten kokaleku izan behar da, non herriko elkarteek kultura, sormena eta berrikuntza landu ahal izango duten". Hala, Agirrek dioenez, bereziki kezkatuta daude Arrizuriagako proiektuaren bueltan jaso duten erantzunik ezarekin: "Lanketa bat egin behar dela azpimarratu dugu eta horrela adierazi dugu hainbatetan, baina ez gaituzte kontuan hartzen. Hala ere, bilerak eta informazioa eskatzen jarraituko dugu, gure herriari zor diogulako eta lanean jarraitu nahi dugulako, baina EH Bilduren kudeaketa ereduak ez du batere errazten oposizioaren lan jarduna; ez dute jarduna inposizioaz harago ulertzen. Udal Gobernuak ez du oposizioarekin lanketarik egin nahi, bilera bat adosteko edota adostutako egutegia aurrera eroateko zailtasunak dituzte. Argi dago, urduri daude, kudeatzeko izugarrizko zailtasunak dituzte, eta horrek oposizioarekin harremana zailtzen du". Arrizuriagaz gain, azokarekin egoera berean daudela diote jeltzaleek: "Arrizuriagaren eta azokaren etorkizuna EH Bilduren gehiengo absolutuaren esku dago".