Ez da giro onik falta izan Bergarako San Martzialen

Miren Arregi Amasorrain 2022ko uzt. 3a, 20:10

Maite dute bergararrek San Martzial eguna. Azken bi urtetan ez da ospakizunik egon han eta aspaldi egon ez direnak ere animatu dira gaur egun osoko plana egitera. Parrilak, ganorazko hamarretakoak, freskatzen jarritako edariak, kuadrillen bazkariak, eguerdiko dantzak, musika... ohiko osagaiak izan ditu aurtengo jaiak. Larramendiko proiektuaren aurkako aldarrikapena ere egon da.

Idien igoerarekin hasi da aurten ere San Martzial eguna Bergaran. Ordurako, kuadrilla askok muntatuta zituzten mahaiak eta karpak, eta haren bueltan txukun antolatuta eramandako jatekoak eta edatekoak. Hamarretakoa eginda gero hurbildu dira asko kantina ingurura, eguerdirako. Ordu horretan hasi dira trikitilariak jotzen, ordu erdi beranduago dantza egin behar zutenak ermita ondoan entseatzen ari ziren bitartean.

Bi urtez ospatu gabe egon arren, festarako gogoa berreskuratuta ikusi dituztela bergararrak aipatu dute Alaia Martinek eta Julio Sotok bertsotan. San Martzial eguna modu berezian bizi duen Bittor Alberdi ere ekarri dute kantura, aurten haren azken sanmartzialak direla eta. Eta txalo zaparradarekin egin diete harrera herritarrek eguerdian dantzan aritu direnei. Elkarri eskua emanda sartu dira, sokan, San Martzialeko zelaira dantzariak, Gorka Artola alkatea eta Udal Gobernuko beste hiru kide tartean. Inguruko mahai gehienak hutsik egon dira eguerdi parte horretan; dantzak ikusten jende asko egon da. Bazkaltzeko unean, aurten ez ohiko tokian bazkaldu dute udal ordezkariek. Ermitaren portikoan egin izan da bazkaria aurreko urteetan, adineko egoitzako egoiliarrekin batera bazkaldu ohi izan dute hor udal ordezkariek. Aurten, baina, ermitaren egoera txarra dela eta –babeserako hesiak ditu jarrita–, kantina parean eta beheraxeago zituzten jarrita mahaiak bazkari horretarako. Mezarik ere ez da egon aurten.

Dantzak amaitzean Valogreen enpresak Larramendi industrialdean kokatu asmo duten paper-fabriketako hondakinak tratatzeko plantaren aurkako elkarretaratzea egin dute zelaian bertan. Errausketarik ez! Ez Larramendik ez inun irakur zitekeen pankartaren atzean batu da jendea.

Arratsaldean kuadrillen arteko jolasak eta erromeria egongo dira, besteak beste.

Erlazionatuak

Bergarako San Martzial eguna argazkitan

Oihana Elorza Gorostiza 2022 uzt 03 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak