1607 urtean Bordelen (Frantzia) sortu zenetik 2022ko ekainera arte Mariaren Lagundia komunitateak izan duen ibilbideren laburpena egin zuen ekitaldian bertako ikasle izan den eta egun guraso den Teresa Aranzibiak, tarteka musika taldeei, ikasleei edo ekitaldira joandako eragile ezberdinetako ordezkariei hitza emanez.
Esker oneko hitzak izan zituzten guztiek: Gotzon Iparragirrek, ikastetxeko zuzendariak; Gorka Artolak, Bergarako alkateak; Amaia Urzelaik, Hezkuntza saileko ordezkariak, Iñigo Alberdik, bertako ikasle eta langile izandako herritarrak eta baita Mariaren Lagundiko Probintzial Nagusia den Neli Andresek. Emakumeei hezkuntza eskaintzeagatik, eskuzabalak izatearren eta herrira zabalik egotearren jaso zituzten eskerrik beroenak.
Eliza, beteta
Mariaren Lagundiko elizan izan zen ekitaldia, 18:30ean. Lehen eserlekuetan jarri ziren Bergarako eraikinean gelditzen diren zazpi mojak eta herritar asko gainerako eserlekuetan, tartean: herriko beste ikastetxeetako ordezkariak, Mariaren Lagundiko ikasle izandakoak, egun bertako guraso direnak, baita bertako irakasle izandakoak ere eta udalbatzako EH Bilduko eta EAJko hainbat ordezkari, herriko alkate izandakoak eta Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkaria, komunitateko Probintzial Nagusiaz gain. Besarkada askoko ekitaldia izan zen.
Mojek emozioz bizi izan zuten ekitaldia eta euren aldetik ere eskerrak ematea baino ez zaiela gelditzen, oso gustura egon direla Bergaran esanez. Gaineratu, zuten, baina, komunitateak aurrera jarraituko duela.