Bailarako hiru lagun boxeo jaialdian Bergaran

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko uzt. 1a, 11:26

Sorabox taldeko boxeolariak, Ixa Rodriguez arduradunarekin.

Herrikoak dira, gainera, bi: Andoni Kortabarria eta Iosu Zalakain. Arrasatearra bestea: Yassine Bouchaar. Soraluzeko Sorabox taldekoak dira; eurek antolatu dute biharko –zapatua– borrokaldia. Zortzi borroka izango dira, 18:00etan hasita, frontoian.

Ezohiko kirol ikuskizuna izango da zapatu arratsaldez Bergarako udal pilotalekuan. Sorabox elkarteak antolatuta, zortzi boxeo borrokaldi ikusteko aukera izango da. Duela 70 urte, 1952an egin zen azken aldiz boxeo jaialdi bat Bergaran.

Boxeolari gazte amateurrak izango dira frontoiko ringean borrokan ariko direnak; hamasei, denera. Jaialdia antolatu duen Soraluzeko Sorabox taldeko kideak izango dira horietako bost; hiru, debagoiendarrak.

Ixa Rodriguez boxeolari soraluzetarra da taldea sortu zuena eta bertan diharduten neska-mutilak entrenatzen dituena. Urtean jaialdi bat edo bi antolatzen ditu, eta oraingoan, Bergaran egitea erabaki dute –Arrasaten egiteko asmoa ere badute, han ere beste talde bat du-eta Rodriguezek; 100 lagun entrenatzen ditu, denera–.

Bihar jardungo duten debagoiendarrei buruz galdetuta, Yassine Bouchaar-ek, duela gutxi hasitakoa izan arren, "talentua" duela dio Rodriguezek –borroka bat du egina–. Iosu Zalakainez dio hasi zenetik hona "asko hobetu" duela, eta "oso lan ona" egingo duela –borroka bat du–. Andoni Kortabarria, azkenik, "jotzailea" da, Rodriguezen arabera –bi borroka ditu: bat irabazi eta bestea galdu–.

Protagonistak

Andoni Kortabarriak Izan Lakuntza iruindarra izango du aurkari. "Prestaketa osoa egin eta gero, etxekoen aurrean jardutea tokatzen da, denen babesarekin, espero dut", dio. Ez du ezkutatzen urduri dagoela, egun berezia izango delako, baina urduritasuna ondo kudeatu eta "gozatzea" espero du.

Yassine Bouchaarrek aurkari "oldarkorra eta jotzailea" espero du Saad Zeggar –Errenteriako klubekoa–, baina irabazteko konfiantzaz agertu da.

Iosu Zalakainena izango da azken borroka, debuta egingo duen Gorka Belauntzaran –Errenteriakoa– kontra: "Ondo nago, topera. Lana eginda dago, bi hilabete egon gara topera entrenatzen, eta fisikoki oso ondo ikusten dut neure burua. Zapaturako gogoz nago".

Biharko jaialdiak piztu du ikusmina Bergaran eta inguruan. Martitzenerako 300 sarrera zituzten salduak, guztien erdiak edo. Oraindik sarrerarik bada, 676 86 69 22 eta 676 65 03 41 zenbakietan eta udal pilotalekuko tabernan eskura daitezke aurrez –15 eurotan–, eta leihatilan egunean bertan –20 eurotan; 17:30ean irekiko dute–. Aurretik, 16:00etan, Infernukua tabernan egingo dute pisaketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak