Berumugaren aurtengo edizioa fusioz blai dator

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 1a, 10:13
Son Rompe Pera talde mexikarra izango da gaur Espoloian. (Argazkia: S.R.P.)

Gaur hasi eta hurrengo hiru egubakoitzetan, euskal nahiz nazioarteko taldeen doinuak izango dira entzungai Espoloian, gaueko hamarretatik aurrera; lau taldek euren lurraldeko estilo eta instrumentuekin musika fusioak egiten dituzte.

Uztaileko egubakoitzak musikaz beteta datoz, beste urte batez, Bergarako Udalak antolatu duen Berumuga musika zikloarekin. Aurtengoa hogeita bigarren edizioa izango da eta rocka, bluesa, jazza eta musika beltza ditu ardatz. Nazioarteko eta Euskal Herriko taldeek zapalduko dute Espoloia bihar hasi eta hurrengo hiru egubakoitzetan. Emanaldi guztiak bertan izango dira, gaueko hamarretatik aurrera.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "Bergaran, eta Debagoienean, orokorrean, ekitaldi kultural asko egiten dira. Orduan, saiatzen gara ezberdina izan daitekeen zerbait antolatzen; normalean, asteroko programazioan ez dauden gauzak".

Gainera, gehitu dute hasieran ez zegoela estilo aldetik definituta, baina, urtez urte, kanpoko taldeak etortzen joan direla, eta, ondorioz, "internazionalizatu" egin dela. Hala ere, beti saiatzen dira Euskal Herriko musikariei lekua egiten.

Musika estiloen fusioak

Son Rompe Pera mexikarrak igoko dira oholtzara gaur gauean, eta datozen asteetan, Arima Soul donostiarren, The Reverend Shawn Amos & The Brotherhood amerikarren eta The Big Marteen's frantsesen txanda izango da, hurrenez hurren.

Antolatzaileen hitzetan, talde guztiak dira "lehen mailakoak euren esparruan"

Talde bakoitzak bere herriko estilo eta instrumentuekin fusioak egiten ditu: "Hemen egiten duguna egiten ikusiko ditugu. Trikiti batekin rocka eta punka jotzen dira, adibidez". Profesionalak eta kalitate handikoak direla diote antolatzaileek: "Talde guztiak lehen mailako taldeak dira euren esparruan. Ibilbide handikoak dira. Mexikarrak, frantsesak eta amerikarrak Estatuko jaialdi handietara datoz, esaterako". Jaialdietarako edo etxerako bidean geldialdia egiteko eta kontzertua eskaintzeko aprobetxatuko dute: "Amerikarrak Bejarren (Salamanca) egiten den Nazioarteko Blues Jaialdira doaz; The Big Marteen's frantsesak, berriz, Frantziarako bide horretan hemen geratuko dira".

Mexikotik Bergarara

Mexiko Hiritik dator Son Rompe Pera, eta cumbia eta mamboa egiten dute, rock ukituarekin. Bost musikarik osatzen duten taldeak Mexikoko, Peruko eta Kolonbiako klasikoei kutsu modernoa ematen die. Horretaz gain, euren abestiak eta bertsio sorpresak taularatuko dituzte.

Antolatzaileen hitzetan, "oso musika dantzagarria egiten dute. Une honetan Mexikon sortzen dituzten fusio berriak dira. Oraindik ez dira heldu gure irrati komertzialetara".

Pandemiarekin ere etenik ez

Pandemiak ere ez zuen gelditu ziklo musikala, joan den bi urteetan egin baita segurtasun neurriak aintzat hartuta. Oraingoan, ordea, lehengora itzuliko da. Antolatzaileek aurreratu dute Espoloian ehundik gora eserleku jarriko dituztela, baina betetzen badira ere ez dagoela arazorik, plaza handia denez zutik ikusteko aukera egongo delako.

Jarraitzaile leialak

Orain arte erantzun ona izan du musika ziklo honek eta aurten ere berdin jarraitzea espero dute antolatzaileek: "Hogeita bi urte dira eta uste dugu musika zikloak baduela publiko bat. Asko etortzen da jakin gabe egubakoitz horretan zer eskainiko den". Halaber, gaineratu dute entzuleek badakitela zikloak ze ibilbide izan duen eta "kalitatezko zerbait" ikusiko dutela.

Debagoiendarrak parte hartzera animatu dituzte, aukera polita izan baitaiteke beste herrialde batzuetan egiten diren musika fusio horiek zuzenean ikusteko. Sarrera doakoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak