Unai Arietaleanizbeaskoa futbolaria Barakaldo Futbol Taldean arituko da datorren denboraldian. Aurrelari bergararra Eibar Kirol Elkarteko harrobian ibili zen. 2019-2020ko denboraldian, CD Vitoriarekin –Eibar KEren filiala– egin zuen debuta Hirugarren Mailan.
Denboraldi hartan, Arietaleanizbeaskoak 26 partidu jokatu zituen, eta zortzi gol sartu. Haren garapen azkarrarengatik, 2020-2021eko denboraldiaurrea Eibarko lehen taldearekin egitea lortu zuen, Jose Luis Mendilibar entrenatzailearen eskutik, eta bigarren taldearekin zein lehenengoarekin tartekatu zituen partiduak. CD Vitorian rol esanguratsua izan zuen, eta Bigarren RFEF Mailarako play-off-erako igoera postuetan sailkatzea lortu zuen, lider gisa. Mendilibarrek hemezortzi partidutarako deitu zuen lehen taldearekin, eta horietako lautan jokatu zuen. 2020ko irailaren 30ean, Lehen Mailan debuta egin zuen, Elxeren aurka, Ipuruan. Handik aurrera, beste hiru partida jokatu zituen denboraldi hartan Lehen Mailan: Real Madrilen, Alavesen eta Granadaren aurka.
2020-2021ekoan ez zuen CD Vitoriarekin Bigarren RFEF Mailarako igoera lortu, eta 2021-2022ko denboraldian Hirugarren RFEF Mailan aritu zen talde arabarrarekin; jokatutako 30 partiduetan bederatzi gol lortu zituen. Denboraldiaren amaieran, Eibarrek ez dio kontratua luzatu, eta, beraz, Barakaldon ibiliko da Arietaleanizbeaskoa.
