Burdinola Irristaketa taldeak apustu handia egin zuen 20 urtez azpiko emakumezkoen Espainiako Txapelketa Labegaraietara ekartzeko. Bada, apustuak merezi izan du. Izan ere, hiru egunez, punta-puntako hockeyaz gozatzeko aukera egon da Bergaran. "Erronka handia zen guretzat, baina, emaitza ikusita, oso pozik gaude", diote. Gainera, etxeko taldeak, maila ona erakutsi du Labegaraietan ipinitako lurzoru urdinaren gainean.
Lehen egunean, Burdinolak, gauzak oso zail ipini zizkion azkenean txapeldun izango zen CPL Valladolid taldeari. Estu hartu zuten talde beltza, eta azken minutuetan jasotako golari esker galdu zuten egubakoitzeko partidua, 1-2.
Ostean, Tucans izan zuten kontrarioa, eta hori ere galdu egin zuten 2-6. Baina, Aranda de Duero taldeak mendean hartu zuten, 1-3, eta beraien multzoko hirugarren talde onena izanik, CPL Madriden kontra jokatzea egokitu zitzaien, zapatu arratsaldean. Madrildarrak 4-0 menderatuta, bosgarren eta seigarren postuak zehazteko norgehiagokan Vila-real izan dute aurrean.
Arauzko 40 minutuak (20ko bi zati) husnako berdinketarekin bukatu ostean, luzapenean erabaki da partidua bisitarien alde. Gol olinpikoarekin irabazi du Vila-realek. "Oso gustura gaude egindako lanarekin. Izan ere, uste genuen azken bi postuetan bukatuko genuela. Seigarren postua oso ona da, nahiz eta, badakigun, bosgarrena esku-eskura izan dugun. Gol aukera oso garbiak hutsegin ditugu", esan du lehiaren bukaeran Aiora Maurek.

Hirugarren golegile onena
Aipagarria da, ere berean, Burdinolako jokalari Itxaso Markiegiren lana. Txapelketako hirugarren golegile onena izan da zazpi golekin.
Azken sailkapena
Horrela geratu da azken sailkapena:
- CPLV Valladolid
- Skulls Almasera
- ASME Tucans
- Tres Cantos
- Vila-real
- Burdinola
- CPL Madrid
- Aranda de Duero