Bergarako Elektronika Topaketak hartuko du Kartzela zaharra zapatuan

Idoia Aranbarri 2022ko eka. 17a, 15:45

Bergarako Elektronika Topaketa egingo da bihar, arratsaldeko bostetan hasita, kartzela zaharrean; Euskal Herriko eta Espainiako bederatzi talderen emanaldiek osatzen dute kartela eta sarrerak zazpi eurotan egongo dira salgai egunean bertan.

Bi urteko geldiaren ostean, Bergarako Elektronika Topaketaren (BET) seigarren edizioak Bergarako, Euskal Herriko eta Espainiako artista esanguratsuak bilduko ditu bihar kartzela zaharrean. Hamahiru orduz etengabeko musikaz gozatzeko aukera izango dute. Halaber, kartzela zaharra 22. urteurrena ari da ospatzen, eta urteurrenaren baitan kokatu dute aurten topaketa. Elektronika gustuko duten bospasei lagunek osatutako talde batek antolatu zuen jaialdia 2013an aurreneko aldiz. Asier Balzategi da horietako bat, eta, adierazi duenez, hainbat elektronika diziplina –DJak eta VJak– lantzen dituzten lagun talde bat dira, eta denen artean antolatzen dute. Bederatzi urtean sei edizio antolatu dituzte, eta orain, seigarrenaren prestaketa lanen azken txanpan daude murgilduta antolatzaileak.

Urteroko formula bera

Zuzenekoak eta DJak izango dira protagonista, eta horiek txandakatzen joango dira, arratsaldeko bostetatik aurrera. Bi gunetan jarriko dute musika: batetik, aretoan; eta bestetik, tabernako oholtza txikian: "Dena jarraian izango da. Bi eszenatoki dauzkagu, eta, beraz, alternatzen joango dira. Batean musika dagoen bitartean, bestea prestatuko dugu hurrengo emanaldirako". Halaber, pandemiaren ostean, jendea gauzak egiteko eta disfrutatzeko gogoz dagoela nabarmendu du. Bederatzi artistaren emanaldiek osatzen dute kartela. Zuzenekoei dagokienez, Compütah ekoizle bartzelonarrak White Solar Dog proiektua aurkeztuko du. Alayn Carazo eta Jokin Guridi ere izango dira, Eyharts proiektuarekin. Iñigo Medina legazpiarra M4rekin izango da, eta Abrego anaiak eta Drake hirukotea -Gailurekin. Musika jartzeaz, berriz, Sarah Rasines burgostarra, DJ Bihotza eta DJ BET arduratuko dira, besteak beste.

Asier Balzategi, DJ Balza: "Dena jarraian izango da. Bi agertoki dauzkagu, eta, beraz, alternatzen joango dira. Batean musika dagoen bitartean, bestea prestatuko dugu hurrengo emanaldirako"

Sarrerak, egunean bertan

Sarrera zazpi euro da, eta egunean bertan erosi ahal izango dira. Edukiera mugatua da, eta 350 txartel jarriko dituzte salgai. Antolakuntzatik azpimarratu dutenez, sarrera guztiak saltzea espero dute, baina uste dute "poliki-poliki" izango dela: "Normalean, jendea ez da hasieratik etortzen, arratsaldean hasi eta berandu arte irauten duen festibala delako, jendea banandu egiten da". Alderantzizkoa ere gertatu ohi da: "Jendea hasieran etortzen da, baina, gero, gauean ez".

Irabazi asmorik gabe

2013an hasi ziren topaketa elektronikoa egiten. Azken urteetan kartzela zaharrean egin den arren, ez da beti hala izan: "2013an, Bergarako Udalaren laguntza izan genuen, eta ekitaldi nagusia Seminarioko karpan izan zen". Urteren batean Zabalotegiko aretoan ere egin izan da. Pare bat urte ezer antolatu gabe egon ziren: "Eta berriz ekimena muntatzen hasi ginenean, gaztetxean zentratu ginen".

Hasierako urteetan helburu "zehatzik" ez zutela dio Balzategik: "Guk ondo pasatzeko eta lagun artean festa bat egiteko antolatzen hasi ginen. Urte haietan, musika elektronikoa ez zen hain popularra eta gure beste helburuetako bat giro popularragoetan aurkeztea zen. Seminariora eramanez, esaterako, jende guztiarentzat zabalik dagoen festibala bezala". Elektronikak indarra hartu du eta asko zabaldu da. Balzategiren hitzetan, "elektronikaz hitz egiteak zentzua galdu du, ze elektronika ia musika estilo guztietan dago. Gure asmoa elektronika duten talde eta egitasmoak aurkeztea da".

Urtean zehar sei pertsonako taldea ibiltzen da: "Kontuan izan behar da, ordea, egunean bertan boluntarioek hartzen dutela parte eta kartzela zaharrean egiten diren ekitaldiak irabazi asmorik gabekoak direla".

Etenik ez duen topaketaren egitaraua

Arratsaldeko bostetan hasi eta goizeko ordu txikiak arte iraungo du Bergarako Elektronika Topaketak. Hamar emanalditan banatu dute programa; batzuk tabernako eszenatoki txikian izango dira eta beste batzuk aretoan.

Taberna

• 17:00-18:00 BET. • 19:00-21:00 Sarah Rasines. • 22:00-00:00 Odd Signals. • 01:00-02:00 M4.

Aretoa

• 18:00-19:00 L'Espoir Underground. • 21:00-22:00 -Gailu. • 00:00-01:00 White Solar Dog. • 02:00-03:00 Eyharts. • 03:00-04:00 BET. • 04:00-06:00 Bihotza. Sarrerak zapatuan erosi ahal izango dira, zazpi euroren truke, eta 350 txartel jarriko dituzte salgai. Sarrerak agortu egingo direla aurreikusten dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak