Saskibaloiko hiruko txapelketa antolatu du Bergara Kirol Elkarteak hilaren 25erako eta 26rako

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 13a, 16:32

Hamalaugarren edizioa ekainaren 25ean eta 26ean jokatuko da, eta adinaren araberako sei mailatan banatuko da txapelketa. Izen-ematea telematikoki egingo da.

Bergara Kirol Elkarteko saskibaloi sailak hiruko (3x3) saskibaloi txapelketa antolatu du ekainaren 25erako eta 26rako. Aurtengoa ekitaldiaren hamalaugarren edizioa izango da, eta San Martin Agirre plazan jokatuko da, euria egin ezean; euria bada, berriz, udal pilotalekuan jokatuko da txapelketa. 

Sei mailatan banatuta

Elkarteak azaldu duenez, txapelketa sei mailatan banatu dute. Zapatuan jokatuko dira lau mailatako partidak eta domekan gainontzekoak. Honako hau da egutegia eta maila bakoitzari dagozkion sariak:

  • Ekainak 25, larunbata:
    • Goizez:
      • Infantilak: irabazleentzat 50 euroko saria eta bigarren sailkatuarentzat trofeoa.
      • Kadeteak: irabazleentzat 75 euroko saria eta bigarren sailkatuarentzat trofeoa.
    • Arratsaldez:
      • Juniorrak: irabazleentzat 100 euroko saria eta trofeoa eta bigarren sailkatuarentzat trofeoa.
      • Senior kuadrillak: irabazleentzat 120 euroko saria eta trofeoa eta bigarren sailkatuarentzat afari baterako bonua eta trofeoa.
  • Ekainak 26, igandea:
    • Benjaminak: irabazleentzat 30 euroko saria eta bigarren sailkatuarentzat trofeoa.
    • Alebinak: irabazleentzat 40 euroko saria eta bigarren sailkatuarentzat trofeoa.

Helburua, saskibaloia sustatzea

Txapelketaren helburua, elkartearen arabera, "saskibaloia sustatzea da, batez ere, adin txikiko neska-mutilengan". Horrekin batera, adierazi dute urteak pasa ahala txapelketaren maila pixkanaka gorantz egiten ari dela.

Izen-ematea, telematikoki

Bergara Kirol Elkarteko saskibaloi sailak Euskal Herriko gune ezberdinetako herritarrak animatu nahi ditu txapelketan parte hartzera. Telematikoki izena emateko aukera egongo da, Instagrameko honako kontu honetan: @bergara_saskibaloia. Epea hilaren 23a izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak