75 bat haur eta gaztek probatu dute gaur triatloia Agorrosinen

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 12a, 16:51

Antxintxika Triatloi Taldeak antolatuta, haur eta gazteei zuzendutako Triatloi Txikia egin dute goizean Agorrosin kiroldegian eta inguruetan. Lehenik, benjaminen txanda izan da, eta lasterketa neutralizatua egin dute. Ondoren aritu dira alebinak eta infantilak, hurrenez hurren. 75 bat parte-hartzaile izan dituzte eta Antxintxikako kideak "oso pozik" geratu dira izandako erantzunarekin.

Triatloi Txikiak seigarren edizioa izan du gaurkoan, eta hasierako helburua ez da aldatu: "Antxintxikaren filosofia beti da Debagoienean triatloia bultzatzea, eta gaurko saioa ere horretarako egin dugu, nahiz eta Gasteizetik eta Durangotik ere etorri diren", azaldu du Nielka Ibarguren Antxintxikako kideak. "Espero dugu etorkizunean gure taldera batzeko balio izatea batzuei, azken batean, horretarako egiten baitugu lan".

Hasieran ezkor zeuden arren, azken momentuan asko hazi da izen-ematea eta 75 haur eta gazte aritu dira gaur triatloia probatzen. Hori dela eta, Antxintxikako kideak "oso pozik" geratu dira saioak emandakoarekin. 

Atzeko lan handia eskatzen du triatloi bat antolatzeak, eta gaur agerian geratu da hori. "Triatloi Txikia antolatzen lau bat kide aritu gara, baina gaurkoan talde osoaren beharra eduki dugu. Izan ere, laguntza behar da, gauza asko hartu behar baitira kontuan: igerilekua, boxa, bizikletak eta abar".

Hiru kategoriatan aritu dira

Emaitzei dagokienez, benjaminek lasterketa neutralizatua egin dute, eta ez da sailkapenik egon.

Alebin mailan, nesketan, Maier Miota nagusitu da. Bigarren sailkatua Naiara Saenz de Jauregi izan da eta hirugarrena, berriz, Garazi Alzola. Mutiletan, Peru Mondragonek irabazi du proba, Enzo Elizbururen eta Xabi Galdosen aurretik.

Erreleboetan, bestalde, Aupa Erreala taldea izan da irabazlea (Uxuea, Ane eta Nagore); bigarren sailkatua Aupa Gu taldea (Unax, Markel eta Aner) eta hirugarrena, Triatletak LH6 taldea (Aizea June eta Pagoa).

Infantil mailan, bestalde, Julen Rodriguezek irabazi du proba, Ane Alberdi sailkatu da bigarren eta Unai Rementeria, hirugarren.

Erlazionatuak

Triatloi Txikia, argazkitan

Eneko Azurmendi Barrena 2022 eka 12 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak