Gipuzkoako txapeldunorde da Maddi Barrocal, final borrokatua galdu ostean

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 10a, 21:24

Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako finala jokatu dute gaur Maddi Barrocal bergararrak eta Mirian Arraiza donostiarrak (Izurun, Antigua). Barrocalek aukera polita zuen etxean txapela irabazteko, eta ondo hasi du partidua, gainera, markagailuan nagusituz. Halere, bergararrak aurkari gogorra izan du aurrean eta Arraizak buelta eman dio markagailuari (22-13).

"Oso gogor hasi dut partidua, pilotari gogor ematen eta tantoak bukatzen. Hala ere, partidu erditik aurrera, sakearekin min egin dit eta hor egon da gakoa", dio Barrocalek. "Ondo ezagutzen dut Mirianen jokatzeko modua eta banekien oso aurkari gogorra izango zela. Partidu hasieran ondo eutsi diot, baina bukaerarako nekea igarri dut eta tanto asko huts egin ditut". Hori dela eta, "penaz" geratu da, etxean ezin irabazi ahal izanagatik.

Edozelan ere, pozik egoteko moduan da egin duen txapelketarekin. "Partidu gehienak oso ondo jokatu ditut, maila onean aritu naiz, eta finalaurrekoetan ondo aritu nintzen. Finalerako ere motibatuta nengoen, irabazteko aukerekin ikusten nintzen, eta ezin izan den arren, gustura nago egindako txapelketarekin".

Irabazleak ere aitortu du final "zaila" izan dela. "Kosta egin zait partiduan sartzea. Maddik asko jokatzen du eta mendean eduki nau. Horrek harritu egin nau, normalean nik menderatzen ditudalako aurkariak. Hala ere, gero partiduari buelta ematea lortu dut".

Mirian Arraiza, Reyes Azkoitia eta Maddi Barrocal.

Federazioko ordezkaririk ez

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa izan da eta federazioko ordezkaririk ez da egon finalean. Hala, Bergara Kirol Elkarteko Pilota Saileko kideek salatu egin dute jokabide hori, baita bertan egon diren pilota zaleetako batzuek ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak