San Martin Agirre eskolaren jaia, bihar

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko eka. 9a, 12:14

Ume kuadrilla, 2019ko eskolako jaian.

Pandemiako etenaren ostean, formatu berriarekin dator festa: barikuz ospatuko dute, zapatuan beharrean, eta, egitarau zabal baten ostean, parrillada eta DJ Zangituren musikarekin emango diote amaiera. "Oso gogotsu gaude", diote Guraso Elkartetik.

Bergarako herri eskola, "guztiona eta euskalduna", ikusarazi nahi dute ikastetxearen eta Guraso Elkartearen artean antolatu duten festaren bitartez –izan ere, egun osoko festa izango da biharkoa: eskola orduetako ekintzak ikastetxeak antolatu ditu; arratsaldekoak, ostera, Guraso Elkarteak–.

Festa egun osokoa izango da, eta zapatuan beharrean barikuz –bihar– egingo dela da berrikuntza. "Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ostean, oso gogotsu gaude gure eskolako jaia ospatzeko. Aurten, gainera, barikuz egingo dugu, ekaina asteburuko planetarako sasoi aproposa dela kontuan hartuta, jende gehiagok parte har dezan", dio Guraso Elkarteko kide Lide Sebalek.

Eta parte-hartzea polita izango da: 400 txartel saldu dituzte, esaterako, festa amaierako parrilladarako. 20:00etan izango da, eta askotariko haragia erreko dute parrillan. Bapo jan ostean, dantzarako modua egongo da, "22:30ak edo 23:00ak aldera arte", DJ Zangiturekin.

Egitarau zabala

Amaierara iristerako, baina, makina bat ekintza izango da San Martin Agirre eskolakoen festan. Txupinazoak 09:15ean –LHn– eta 10:15ean –HHn– egingo dituzte. Trikitilariekin kalejira egingo dute 09:30ean, eta 10:00etarako dago aurreikusita LHko ikasleen krosaren hasiera, Usondo parkean. Hamarretako osasuntsua egingo dute ondoren, fruta brotxetekin.

Ikasle guztiak festara batuta, tailerrak izango dira 11:00etan HHko eraikinean, eta 15:15ean jolasak HHko eta LHko neska-mutikoen artean. Musika talde bat ere osatu dute eskolako irakasle, ikasle eta senideen artean, eta lau abestiko errepertorioa eskainiko dute 16:30ean.

Ordu berean, azoka –Ndank Ndank eta Larramendiko Arnasa elkarteetako postuekin–, tailerrak eta San Martin Agirren eskolaz kanpoko ekintza modura egiten diren pintura klaseetako margolanekin erakusketa izango dira, eta txokolatada 17:00etan; 18:00etan, berriz, apar-festa eta jolasak –DBHko hamabi ikasle ariko dira umeei aurpegia margotzen, ponpa erraldoiak egiten...–. Honetaz guztiaz gain, festan zehar zozkatuko dituzte jairako ateratako txartelak.

Eskola komunitate osoa inplikatu da biharko festaren antolaketan, Guraso Elkartetik adierazi dutenez, eta eurek ere ilusio handia jarri dutela diote. San Martin eskolak 420 ikasle ditu gaur egun, HH eta LH artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak