Dolmenen ibilbidearen liburua aurkeztuko du Aranzadik

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 9a, 10:57

Ekainaren 19an izango da aurkezpena Karakate mendian. Haurrentzako jolasak eta salda eta txorizoa eskainiko dira eta autobusak antolatu dira bertaratzeko.

Aranzadi Zientzia Elkarteak Dolmenen Ibilbideari buruzko argitalpen bat aurkeztuko du ekainaren 19an, igandea, Eibarko Karakaten egingo den ekitaldi batean. Jesus Tapia arkeologoa da liburuaren idazlea, azken urteotan Dolmenen Ibilbideko indusketen zuzendaria izandakoa. Liburu hau Telesforo Aranzadi bilduman argitaratuko da, eta 5 euroko prezioan erosi ahal izango da gune desberdin hauetan: Bergarako Laboratorium Museoan, Elgoibarreko Aita Agirre Kulturgunea, eta Soraluzeko Udaletxea.

Autobusez igoera

Karakateko aparkalekuan izango da liburuaren aurkezpen gunea, 11:00etan, eta bertan proiektuan parte hartzen duten hiru udalerrietako ordezkari politikoen hitzaldia egongo da: Bergara, Elgoibar eta Soraluze. Ondoren, Jesus Tapia idazleak liburua aurkeztuko du, eta 11:30etan haur eta gaztetxoentzako historiaurreari buruzko tailerrak izango dira, Hezur Museoko Jose Julian Marquezen eskutik. Azkenik, 12:30ean, salda eta txorizoa banaketa egongo da bertaratutakoentzat. Ekitaldira joaten direnek liburuaren ale bat eskuratu ahal izango dute debalde, izakinak agortu arte.

Karakatera igotzeko eta handik jaisteko autobus zerbitzua antolatu da, Elgoibarreko Mendiola Industrialdetik abiatuko dena, Estazino kaleko autobus geltokian eta San Andresen geldialdiak egingo dituena eta Karakateko aparkalekuraino igoko dena. Jaisterakoan, alderantzizko bidea egingo du autobusak, baina geltoki berdinetan geratuz. Ordu erdiro irtengo da. Igotzeko lehen zerbitzua 09:00tan izango da, eta jaisteko azkena 13:30ean. Soraluzeko Udalak San Andresetik Karakatera doan errepidea itxiko du 09:00etatik 13:30era. Ekitaldira joan nahi dutenei oinez edo autobus zerbitzua erabiliz bertaratzea gomendatzen zaie.

Indusketak maiatzaren 29tik

Bestalde, indusketei dagokienez, aurten Maurketa eta Kurutzebakarreko dolmenak indusiko dira maiatzaren 29tik. Horretarako Aranzadik, urtero bezala, boluntarioak eskatu ditu. Interesa duenak jtapia@aranzadi.eus helbidera idatzi dezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak