Gazteek etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzak eskatzeko deialdia zabaldu du Bergarako Udalak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko mai. 27a, 13:20

Lorentxokoko etxeak Bergaran, artxiboko argazki baten.

Baldintzak betetzen dituzten 18 eta 30 urte bitartekoek eman dezakete izena, 35.000 euroko aurrekontua amaitu arte.

Gazteek etxebizitzak alokatzeko dirulaguntzak eskatzeko deialdia ireki du Udalak. Bergaran alokairuan bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eman dezakete izena. 35.000 euroko aurrekontua du Udalak, eta hori amaitu arte eman ahal izango da izena, urte osoan zehar.

Laguntza eskatzeko zenbait baldintza bete beharko dira. Alde batetik, hirigune historikoan, Martokoan-Zubiaurren, Ozaetan, Labegaraietan eta Olako hiri-lurgunean alokairua ezin izango da 550 euro baino gehiagokoa izan; Osintxun, berriz, hileko gehienez ere 450 eurokoa izan behar du errentak, eta, bestela, herriko gainontzeko auzoetan 600 eurokoa, gehienez ere.

Dirulaguntzen Lege Orokorreko 13. artikuluan aurreikusten dituen debekuetako batean ere ez egotea eskatzen da, baita betebehar fiskaletan egunean egotea ere.

Etxebizitza partekatzen dutenak

Udalak adierazi du etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan daitezkeela onuradun, alokairu kontratua denek sinatzen badute, eta eskatzen diren baldintza guztiak betetzen badituzte. Modu horretan, bizikidetza-unitate independentetzat hartuko dira, eta kontratua sinatu dutenen artean banatuko da errenta.

Bestalde, adinez nagusiko pertsona bat edo bikote bat eta kargura izan ditzaketen adingabeak, nahiz etxebizitzan bizi den beste edonor ere, bizikidetza unitatetzat hartuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak