CSICeko proiektu baterako Redon lakuko ur-laginak jasotzera bideratutako espedizio zientifiko batean gertatu zen istripua. Conangles haraneko elur-jausi batek harrapatuta hil ziren Perez de Arenaza, bergarako mendizalea, eta Salamancako Gaspar Giner biologoa. Larri zauritu zen Roberto Sanchez Lasarte-Oriako ikertzailea.
Hildakoekin lan-harremana zegoela ukatu zuen CSICek. Profesionalek 'autonomia-baldintzak' betetzen zituztela eta espedizioan borondatez parte hartu zutela argudiatu zuen. Horren aurrean, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak bermatu egin du hil ziren bi langileak Estatuko agentziak enplegatu zituela – kontratazio-orririk egon ez arren – eta enpresaren erabakiek baldintzatu zutela langileak laginak hartzera joateko erabakia. Luis C. proiektuaren zuzendariak hitzez errekrutatu zituen langileak, eta ondoren, CSICeko gerentziak ez zuen baimendu laginak hartzearekin lotutako gasturik. Hala, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak salaketa jarri zuen, eta Lleidako Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak onartu egin zuen hildakoek lan-harremana zutela CSICekin –agentziak ukatu arren–.
Istripu horretan CSICeko presidente Rosa Mendendez eta Estatuko agentziako beste bi kargu ikertzen ari dira langileen segurtasunaren aurkako delitu batengatik, espedizioan prebentzio-neurririk ez egoteagatik. Guzti honen aurrean, aretoak ohartarazi du CSICek hartu beharko dituela indarrean dagoen legedia betetzeko neurri egokiak, eta beharrezkoa bada, arau-aldaketak ere proposatu beharko dituela.