Omenaldia jaso du Vanesa Gimbert bergararrak Agorrosinen

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko mai. 21a, 17:34

Bergara Kirol Elkartearen, Udalaren eta eguerdian Agorrosinera joan diren herritarren esker ona eta omenaldia jaso ditu Vanesa Gimbert futbol jokalari bergararrak. Pozik eta eskertuta jaso ditu berak.

Eguerdiko 12:00etan jokatu den futbol partiduaren aurretik egin diote omenaldia Agorrosinen Vanesa Gimbert Acosta (Bergara, 1980). futbol jokalariari. 'Pasiloa' egin diote Bergara Kirol Elkarteko mutikoek eta gaurko partidua jokatu duten taldeetako jokalariek eta berak atera du ohorezko sakea. Opariak ere jaso ditu: Bergara Kirol Elkarteko 'pin' edo intsignia bat, lore sorta eta kamiseta bat elkarteak eta wolframio irudikatzen duen apaingarri bat Udalak. 

Talde ezberdinetan jokatu du Gimbert-ek (Mondelia Montilla, Levante UD, Sevilla FC, Rayo Vallecano, Espanyol eta Athetic), 23 denboraldi jarraian lehen mailan, 2013tik talde zuri-gorrian; Euskal Herriko selekzioarekin ere jokatu izan du.

Liga eta Kopa bat baino gehiago irabazitakoa, futbol profesionala utziko zuela jakinarazi zuen pasa den apirilean. Duela astebete agur ekitaldia egin zion Athletic taldeak eta gaur etxekoen eske ona jaso du txikitan baloiak batzen ibili zen futbol zelaian. "Auzoko kaleetan eta eskolako, San Martin ikastetxeko, patioan jokatzen nuen futbolean txikitan, mutilekin gehienetan. Goiko futbol zelaian jokatu izan dut, eta hemen gogoan dut baloiak batzen ibiltzen nintzela", zioen gaur eguerdian Agorrosinen.

Entrenatzaile titulua

Hemendik aurrera zer egingo duen galdetuta, Athletic Fundazioan lana eskaini diotela adierazi du, baina bere asmoa entrenatzaile titulua ateratzea da: "Madrilen egingo dut hori baina oraindik ez dakit noiz hasiko den eta ezta Fundazioak eskainitakoarekin bateragarria izango den edo ez".

Orain, oporrak ditu buruan. "Futbolaren egutegia itxia da, asteburu gehienak beteak dituzu eta ez duzu familiarekin zuk gura duzun beste pasatzeko aukerarik. Horixe egin gura dut orain, oporrak hartu eta familiarekin disfrutatu. Hemendik aurrera lehen egiten ez nituen gauzak ere egin ahal izango ditut, gainera. Eskiatzea asko gustatzen zait, esaterako, baina lehen ez nintzen joaten, lesionatzeko beldurrez. Futbola ez dut baztertuko, horren bueltan ibiliko naiz, baina beste gauza batzuk ere eginez".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak