Omenaldia, Eider Elorza Sanz eskubaloi jokalari bergararrari

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 19a, 11:42
Elorza –makurtuta, eskumatik laugarrena–, klubeko hainbat kiderekin ateratako talde argazkian. (Argazkia: Bergara Eskubaloia)

Elgoibarko Sanlo taldean jokatzen duen Eider Elorza Sanz eskubaloi jokalari bergararrari omenaldia egin zion Bergara Eskubaloiak asteburuan. Jubenil nesken mailan, Elorzak zilarrezko domina lortu zuen euskal selekzioarekin apirilean Cartagenan jokatutako Espainiako autonomia erkidegoen arteko eskubaloi txapelketan.

Bergara Eskubaloiak omenaldia egin zion joan zen asteburuan iragan denboraldira arte klubeko harrobiko jokalari izan zen Eider Elorza Sanz eskubaloi jokalariari. "Denboraldi hasieratik Euskadiko gazte mailako selekzioaren deialdietan ohikoa izan da eta lanaren aitortza egin nahi genuen", adierazi dute klubetik. Eskuin alboko bergararra Cartagenan jokatu zen Espainiako autonomia erkidegoen arteko eskubaloi txapelketan izan zen Aste Santuan, eta euskal selekzioko kideekin batera, zilarrezko domina ekarri zuen etxera jubenil nesken kategorian.

Elorzak, gainera, parte-hartze aktiboa izan zuen euskal selekzioaren jokoan –lau gol sartu zituen txapelketa osoan–. Lehen fasean bigarren gelditu ziren, Madrilgo eta Asturiaseko selekzioak garaitu ostean, hirugarren lehian Andaluziaren aurka galduta. Nagusitasunez menperatu zuten Galizia final laurdenetan (35-27), eta Nafarroako selekzioari irabazita lortu zuten finalerako txartela (27-24). Urrearen borrokan, baina, andaluziarrak izan zituzten berriz arerio, eta ezin izan zuten multzokako faseko errebantxa hartu (23-24).

Elorzak Bergarako taldearen elastiko bat jaso zuen oroigarri gisa. (Argazkia: Bergara Eskubaloia)

Zilarrezko Mailan

Egun Elgoibarko Sanlo taldean dihardu Elorzak, jubenil mailako Euskal Ligan –Gipuzkoa mailan lehiatzen da Bergarako taldea–. Eta bere kategoriatik harago, senior nesken Zilarrezko Mailan debutatzeko aukera ere izan du Gaurve Asesores Elgoibar taldearekin, estatu mailako bigarren mailan, alegia. Talde horretan dira, besteak beste, Amaia Kortabarria Ezpeleta eta Ainhoa Tatiegi Loidi oñatiarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak