Liderra garaitu nahi dute, denboraldia borobiltzeko

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 19a, 10:03
Bergarak eta Eskoriatzak maiatzaren 7an jokatutako derbiko une bat. (Argazkia: Goiena)

Asteburuan amaituko da saskibaloiko senior mailako Gipuzkoako 2. Mailako liga erregularra, eta bigarren postuan den Bergara Soraluce K.E.-k Erroibide Urbycolanen bisita jasoko du zapatuan Labegaraietan (16:00). 25 jardunalditan beste hainbeste garaipen lortu dituzte irundarrek.

Eskoriatzaren aurkako Debagoieneko derbian sailkapeneko bigarren postua ziurtatu ostean, joan zen asteburuan liga erregularreko 22. garaipena eskuratu zuten Bergara Soraluce K.E.-ko neskek Drunkat Hoops-en aurka (28-46). Klubeko arduradunen hitzetan, partidu "oso ona" jokatu zuten, eta "donostiarrak baino hobeak" izan ziren neurketa guztian zehar.

Azkena, etxean

Hala, norgehiagoka bakarra falta zaie bergararrei senior mailako Gipuzkoako 2. Mailako liga erregularra amaitzeko. Eta ez nolanahikoa, gainera. Zapatuan Labegaraietan (16:00) txapelketako lehia guztiak irabazi dituen Erroibide Urbycolan hartuko dute. Talde irundarraren nagusitasunaren adierazgarri, puntu gehien saskiratu eta bigarren gutxien jaso dituen taldea da –bergararrena da ligako defentsa onena–, eta bataz beste, 22 puntutik gorako aldearekin irabazi ditu neurketak. Urtarrila amaieran Irunen jokatutako neurketan 45-35 galdu zuten mahoneroek.

Emaitzak sailkapeneko lehen bi postuetan aldaketarik eragingo ez duela kontuan hartuta, asteburuko helburua bakarra da: lehen aldiz liderra garaitu, eta denboraldia borobiltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak