Bergarako musika bandak kontzertua eskainiko du, domekan, Soraluzen

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko mai. 18a, 10:52

Enrike Txurruka, Bergarako musika bandako zuzendaria, soraluzetarra da, eta kontzertuko horretan estreinatuko den martxa bat konposatu du. Soraluzeko Plaza Zaharrean izango da kontzertua, 13:00etatik aurrera. Aurrez, eguraldiak uzten badu, kalejira egingo dute.

Garai bateko ohitura berreskuratuz, Soraluzen izango da Bergarako musika banda. Enrike Txurruka zuzendariak azaldu duenez, une honetan, Soraluzen ez dago musika banda egonkorrik, eta, horregatik, ikasleei nahiz herritarrei banda bezalako musika taldeak hurbiltzea da hango musika eskolaren asmoa, "izan ere, hori izan baitaiteke eskolako ikasleentzat helburua, ikasten ari diren musika tresna, halako talde batean jotzera iristea, alegia".

Txurruka, gainera, jaiotzez soraluzetarra da, eta musika hastapenak bertan egin zituen. Ondorioz, "ilusio berezia" egiten dio bere herrian jotzeak. Gainera, domekan bertan estreinatuko duen martxa bat konposatu duela aitortu du. "Nire belaunaldi inguruko askok gogoratuko dituzte oraindik Ines Marirekin ikasitako doinuak. Horietako batean oinarritu naiz martxa sortzeko, nahiz eta gero nire erara moldatu dudan".

Abesti horretaz gain, Georges Bizeten L'Arlessiene suite klasiko bat; Carl Wittrocken Crossroads abestia; Itoitzen bost doinu, euskal pop-rock taldearen doinuetan oinarrituz Txurrukak egin duen moldaketa, eta Kees Vlaken Las playas de Rio doinu brasildarra izango dira entzungai, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak