Vanesa Gimbertek bergararren agur omenaldia jaso du Lezaman

Irma Arabaolaza 2022ko mai. 16a, 14:51

2013an iritsi zen Athleticera Vanesa Gimbert bergararra. Egun, lehoi gisa partida ofizial gehien jokatu dituen hamargarren jokalaria da – 248 partida jokatuta –. Bederatzi denboraldiren ostean, bergararren agur omenaldia jasota eskegi zituen botak, atzo, Lezaman jokatutako azken partidan.

1999an egin zuen debuta defentsa bergararrak Levante UD taldearekin – bi Liga eta hiru Kopa izan ziren bertan irabazitako tituluak –. Hortik, CFF Estudiantes de Huelvan denboraldi bat jokatu eta Sevilla FC taldera joan zen ondoren. Madrilgo hiriburura jauzi egin zuen bertatik, Rayo Vallecanora – bertan ere, bi Liga eta Kopa bat lortu zituen –. Beste hiru denboraldi RCD Espanyolen egin – Kopa bat irabazita –, eta 2013an iritsi zen talde zurigorrira. Bergararrak hemen borobildu zuen bere palmaresa 2015-2016 denboraldian lortutako Liga tituluarekin. Orduztik, talde zurigorrian jokatu du eta bertan hartu du erretiroa.

Sevillaren aurkakoa izan da bergararraren azken neurketa. 1-4 galdu zuten partidua zurigorriek eta, ostean, hiru jokalari izan ziren omenaldia jaso zutenak. Erika Vazquez eta Sophie Instillartekin batera jaso zuen emakumezkoen futbolaren errekonozimendua defentsa bergararrak.

Klubaren omenaldiaz gain, protagonistak sorpresaz jaso zituen familiako kideak eta Bergarako lagunarteko zenbait kide – 35 inguru bildu ziren Lezaman –. Familiako kideek kamisetan Gimberten argazki batekin omendu nahi izan zuten jokalaria. Lagunartekoek, berriz, koadro bat oparitu zioten oroigarri gisa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak