Ez da berria Bergarako Beart elkartearen eta Baionako Kortsarioen Arte Galeriaren arteko lotura. Trukeak egin ohi dituzte eta behin baino gehiagotan izan dira Bergarako artelanak Baionan ikusgai, eta alderantziz.
Oraingo honetan, Errobi eta Aturri ibaien ertzeko sortzaileen lanak izango dira ikusgai Bergaran. Zazpi sortzaileren lanekin osatuta dago Laboratorium museoan gaur inauguratuko duten erakusketa. Artista horiek dira Andre Goupille, Eric Bourdon, Claude Jammaerts, Alain Jouve, Mica, Julia Ratsimandresy eta Patrick Dupre PAT. "Pandemia garaian egindako lanak erakutsiko dizkigute Bergaran", azaldu du Bearteko presidente Karlos Galarragak. "Ikusten duguna eta esperimentatzen duguna adierazteko aukera ematen digun babeslekua da artea (...) Baiona-Bergara, Bergara-Baiona, joan-etorriko bidaia da, baina askoz urrutiago doa; askatasun emozional, psikologiko eta espiritualerako bidaian parte hartzen dugu artearekin. Goza dezagun Baionako Kortsarioek hain maitasun handiz prestatu duten erakusketa honetaz".
Galerie des Corsaires artista-kolektiboko presidente Andre Goupilleren esanetan, oso pozik daude lanak leku berri batean ikusgai jartzeaz.
Ordutegia eta sarrerak
Erakusketa zabalik egongo da ekainaren 8ra arte eguazten eta eguenetan 10:00etatik 14:00etara, bariku eta zapatuetan 10:00-14:00 eta 16:00-19:00 ordutegiarekin eta domeketan 10:00etatik 13:00etara. Sarrera arrunta 4 eurokoa da, murriztua 2 eurokoa eta taldeen kasuan, 2,5 euro pertsonako.