Denboraldi irregularra egiten ari da Joseba Elorzak entrenatzen duen Soraluce BKE taldea. Hain zuzen ere, jaitsiera fasea jokatzen dabil Gipuzkoako senior lehenengo mailan jokatzen duen Bergarako eskubaloi taldea, eta azken bi partidu erabakigarri gelditzen zaizkio aurretik.
Jaitsiera fasean zazpi talde daude, horietatik lau jaitsiko dira mailaz, eta bergararrak hirugarren postuan daude, hamahiru punturekin –bigarren doan Ormaiztegik hamalau dauzka eta laugarren doan Egia Kostok, hamaika–. Dena den, dauden mailan mantentzeko esperantza daukate. Hauxe adierazi du eskubaloi saileko arduradun Josetxo Muniategik: "Bi partidu dauzkagu aurretik eta biak irabazi behar ditugu. Egia da ez direla talde gogorren kontra, baina kirola kirola da; hortaz, ea mailari eustea lortzen dugun".
Aurrekoa, Hondarribian
Aurreko asteburuan, Hondarribiko taldea izan zuten etsai eta 26-27 galdu zuten bergararrek: "Oso partidu ona eta gogorra izan zen. Erasoan kosta egin zitzaigun golak egitea eta ez genuen lortu nahi genuen emaitza. Baina ondo lehiatu ginen".
Azken biak aurretik
Asteburu honetan, Zarautzen jokatuko dute: "Betidanik kalitate handiko taldea izan da Zarauzkoa, eta ez da erraza izango, baina guztia ematera joango gara". Hurrengoa Donibaneren kontra jokatuko dute, eta hor bukatuko zaie denboraldia: "Talde ahulena da ligan –azkena doa sailkapenean–, eta etxean jokatuko dugu; beraz, ea hori ere irabazten dugun".