Maiatzeko ohiko bilkuran Udal Gobernuak udal zerbitzuei dagozkien ordenantza fiskaletan egin nahi dituen aldaketak izango dira eztabaidagai. Zehazki, Udal Euskaltegian, Ludotekan eta kirol zerbitzuetako ikastaroetan tasen %5eko igoera egitea proposatu du EH Bildu buru duen gobernuak. Horrez gain, bi tasa berri ere sortuko direla adierazi du EAJk prentsa ohar bidez: kalte arineko arreta zerbitzuko tasak eta ortuen erabileraren inguruko tasak.
Jeltzaleek aldaketak ez onartzeko eskatu diote Udal Gobernuari. Ez dute uste igoerak egiteko unea denik, eta "are gutxiago hiru arlo horietan". Oharrean adierazi dutenez, pertsonen arteko arrakalak handitu ditu pandemiak, eta "herritarrei laguntzeko momentua da".
Proposamena
Hala, ardura udalari hartzea dagokiola uste du EAJk, 2022ko ekitaldiari "aurre egiteko poltsa" badagoela iritzita. Maite Agirre bozeramaileak udalak 2021ean izandako 1.550.582,30 euroko gerakinean ikusten du irtenbidea: "Gerakinei erabilera egokia emanez, ez da beharrezkoa izango berriz ere herritarrei tasak igotzea".