'Afrika, bi bazterrak' musikala maiatzaren 14an estreinatuko dute, Lizarran

Irma Arabaolaza 2022ko mai. 11a, 10:51

Donato Goienetxeren musika piezak oinarri dituen Afrika, bi bazterrak musikala bi mundu gerren arteko aldian girotzen da. Afrikako bi gazteren abenturak erritmo eta melodia etnikoekin uztartzen ditu. Datorren zapatuan, maiatzaren 14an, eskainiko da, 19:30ean, Lizarrako Los Llanos Kulturgunean.

Obra Bergaran estreinatzekoak  ziren arren, hiru alditan moldatu behar izan dute herrian aurkezteko eguna. Lizarran obra egiteko gonbidapena jasota, emanaldi hori estreinaldi bihurtuko dute datorren zapatuan, eta Bergarako saioa urriaren 1era atzeratu. Gaztelaniazko bertsioa izango da aurkeztuko dutena eta euskarazkoa 2023rako utziko dute.

El abrazo entre los pueblos kantata sinfonikoko koralean oinarrituko da musikala. 50 pertsonaz osatutako konpainia da eta beste herrialde batzuetako artistak oso presente dituzte euren obretan. Bergarako Musika Eskolako ikasleak, gonbidatutako artistak eta dantzariak batzen ditu lanak taula gainean. Abestien libretoaz arduratu dira Elena Ibarbia eta Donato Goienetxea –musikaz ere arduratu da–, eta dantza, melodia eta tribu-kantak izango ditu oinarri. Erritmo biziak eta jazza fusionatu dituzte eta saxoa, flauta, teklatua, gitarra eta baxu elektrikoak, bateria eta perkusio afrikarra aurkitu daitezke, besteak beste, instrumentuen artean. Valen Moñuz izango da lan honen eszena zuzendaria.

Niger ibaiaren ertzeko herri batean bizi dira umetatik maiteminduta dauden Nembo eta Ieta. Protagonisten mugarik gabeko maitasuna eta euren joan-etorriak kontatuko ditu musikalak. Gineako golkoan dagoen herrixka txiki batetik New Yorkerainoko bidaia batean bizitza aldatuko dieten erabakiei aurre egin eta euren ametsak lortzeko borroka egingo dute. Hasieratik konplize sentiarazi nahi ditu ikusleak zapatuan Lizarran eskainiko duten obra honek. Sarrerek 15 euro balio dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak