Etxeko tresna txikiren bat hondatzean, konpontzen saiatu baino gehiago, hura bota eta berria erosteko ohitura dago azkenaldian. Hau saihestu nahian, baztertutako tresnak dituzten eta haiek konpontzen laguntzeko prest dauden pertsonak batu nahi ditu berriro ere Kafekonpon-ek. Askotan ez jabetu arren, uste baino errazagoa izaten da etxean dauden plantxa, bizikleta edota bestelako edozein tresna konpontzea. Hala ere, erosotasunagatik edota bestelako arrazoiren batengatik, hondatutakoa berehala baztertu eta berria erostea izaten da gehiengoak hautatzen duena.
Baina oraindik ere gelditzen dira berrerabili eta konpontzeko filosofiari jarraitzen dioten esku trebeak, eta horiek aukera izango dute kafe baten bueltan etxeko tresna txikiak konpontzen ahalegintzeko.
Pandemia ostean egingo den lehenengo hitzordua datorren eguaztenean izango da San Joxepen, 16:00etan. Aurrerantzean, gainera, hitzordua hileko bigarren eguaztenetan egiten jarraituko dute.