Giro onean doaz Elorregi auzoko San Prudentzio jaiak. Astean zehar hasi ziren ekintzak eta gaurko egunerako auzo bazkaria eta bertsolariak izan dituzte. Eguerdi partean elkartu dira hainbat lagun Alkartasuna elkartearen inguruan. Manu Iztuetaren soinuak alaitu du bazkaltzeko ordura arteko tartea. Bapo bazkaldu ostean elkartean bildutako 50 bat lagunek Anjel Mari Peñagarikanoren eta Julio Sotoren bertsoekin gozatu dute.
Ekin orduko hasi dira adar-jotzeak eta txantxak. Peñagarikanok esan dio Sotori 28 bat urte izango direla hutsik egin gabe Elorregiko jaietan bertsoak abestu dituela. Sotok erantzun dio berak 7 bat urte izango zituela hasi zenean. Hutsik egin gabe esan du Peñagarikanok, baina zehaztuta pandemiaren eraginez bertan behera gelditu diren jaiak kontuan hartu gabe dela hori. Itzuli ahal izateak poz handia eman diola ere esan du bertsotan, eta baita ere martxa ona ikusten duela auzotarren artean. Txantxa gehiago ere izan dira. Peñagarikano ohartu da, esaterako, erretiratuei abesten ziela lehen eta orain bera dagoela erretiratua.
Arratsalderako trebezia jokoak dituzte aurreikusita Elorregin, baina zalantzan daude egingo ote diren hala ez. "Jende gazte gutxi dago hemen, eta haien faltan nor ibiliko da ba kaskarak batzen, sokatiran edota zinta karreran?", azaltzen zuen auzotar batek. Arratsaldeak zer nolako itxura hartzen duen, horren arabera egokituko dute egitaraua.
Jokoak bai, azkenean
Zalantzak zalantza azkenean animatu dira auzotarrak eta Elorregiko frontoian makina bat proba egin dituzte. Elorregiko Josu Osak bidalitako argazkiak gehitu ditugu argazki galeriara.
Bihar, pilota partidak
Bihar izango da San Prudentzio jaien azken eguna Elorregin. 10:00etan mendi ibilaldia dago iragarrita. Auzoa ezagutzeko mendi buelta izango da, eta, hain zuzen ere, Alkartasuna elkartean hainbat margolan daude zintzilikatuta egunotan. Leku horiek guztiak ikusiko dituzte biharko txangoan.
10:30ean meza esango dute San Prudentzio elizan eta 11:30etik aurrera pilota partidak dituzte iragarrita. Eguerdi partean salda eta txorizoa ere banatuko dituzte.