Boluko frontoian izango da domekan Bergarako Musika Bandaren agertokia. 12:30ean hasita, eta egin ohi duten moduan, egitarau zabala prestatu dute, "gustu guztiendako aukerekin".
Herritarren gustukoa
Hala, Cántame un pasodoble, La princesse jaune, Katiuska, Ballata della tromba, Toward the bright future eta Song and samba interpretatuko dituzte bandako kideek domekan. Boluko pilotalekuko kontzertuek harrera "itzela" izaten dutela azaldu du Enrike Txurruka zuzendariak: "Pandemia sasoian egin genuen han lehen aldiz, eta, orduan izandako erantzun ona ikusita, berriz ere han egitea eskatu digute herritarrek aurtengora begira ere".
Auzoetara zabaltzeko asmoz
Bandako zuzendariak azaldu duenez, haien jarduna herriko beste gune batzuetara ere zabaldu nahi dute hemendik aurrera: "Gure asmoen barruan badago herriko beste auzo batzuetan ere leku aproposak bilatzea, eta banda guztien eskura jartzea".