Bergarak urrun ditu igoera postuak, baina denboraldiari ahalik eta amaiera onena eman gura diote mahoneroek. Gaur aurkari izan duten taldea bete-betean sartuta dago bigarren posturako borrokan, eta lehen minututik indartsu atera dira eibartarrak, hiru puntuen bila. Modu horretan, baloiaren jabetza kanpoko taldearena izan da lehen zati gehienean, eta aukera garbienak ere Eibarrek izan ditu. Bergararrek defentsa lanetan zentratu behar izan dute eta ondo eutsi die eibartarrei. Hala ere, lehen zatia bukatzear zela, erdiratze batean Paul Valgañonek ez du ondo urrundu baloia eta area barruan geratu da modu arriskutsuan. Baloiaren aldeko lehian, jokalari bergararra eta eibartarra lurrera erori dira, elkar helduz, eta epaileak penaltia adierazi du. Hala, hamaika metrotatik maisuki jaurtita, eibartarrek aurrea hartu dute markagailuan (0-1) eta berehala iritsi da atsedenaldia.
Bigarren zatian, mahoneroak askoz ere hobeto zelairatu dira eta hobeto lehiatu dute partidua, nahiz eta eibartarrek ere izan duten bigarren gola egiteko aukera garbi bat. Bigarren zatiko 35.minutuan, Oier Ugaldek ateratako korner batean iritsi da berdinketaren gola, Andoni Najerak sekulako burukada jota sareratu baitu baloia. Azkenerako, ez markagailua aldatu eta puntu banarekin konformatu behar izan dute bi taldeek.
Mikel Peñin jokalari bergararrak ontzat eman du lortutako puntua. "Kalitate handiko taldea da eta lehen zatian atzean sartu gara. Bigarren zatian, hala ere, gora etorri da taldea eta gola sartzea lortu dugu. Beraz, pozik goaz etxera", nabarmendu du jokalari gazteak.
Aloñak eta Mondrak, garaipena
Bestalde, Aloña Mendik garaipen garrantzitsua lortu du Mutrikun, mailari eusteko helburuari begira (2-3). Maldan gora jarri zaio partidua Endika Ruizen taldeari, lehen segundoetan gola sartu baitu Mutrikuk. Hala ere, markagailuari buelta ematea lortu dute oñatiarrek eta atsedenaldira aurretik joan dira (1-3). Bigarren zati gehienean markagailua ez da aldatu, baina azken minutuetan bigarrena sartu du etxeko taldeak eta partidua berdintzeko aukera ere izan duen arren, hiru puntuak Oñatira etorriko dira.
Mondrak ere hiru puntu dakartza Lezotik, Allerru sailkapeneko azkenari 1-2 irabazi ostean. Modu horretan, igoera postuengatik borrokan jarraitzen dute arrasatearrek, 53 punturekin, laugarren postuan. Sekulako denboraldia egiten ari da Cristian Matiasen taldea.