Aurretik ere bi aldiz lehiatu da Cobos Europako txakur kros txapelketetan, baina bai txakurraren, baita bere lesioengatik ezin izan zituzten nahi bezalako emaitzak ekarri: "Italian lehiatu ginenean txakurrak hanka bat apurtu zuen, eta ondorioz ezin izan genuen txapelketa bukatu. 2019an, Belgikan, niri tokatu zitzaidan eta zuntz-etendura bat izan nuen. Nahiko esperientzia txarrak izan ziren".
Helburua, lehen bosten artean sailkatzea
Oraingoan, bere mailaren baitan, lehen bosten artean sailkatzeko asmoarekin doala aitortu du: "Orain arteko txapelketekin zazpigarren postuan sailkatzea lortu dugu estatu mailako txapelketetan. Horri esker eskuratu dugu munduko txapelketarako pasea. Uste dut ondo prestatuta goazela, bai txakurra, baita ni ere". Egunero entrenatzen dute, Gorla aldean, eta astean behin gutxienez Luko ingurura joaten dira, bertan prestaketa saio zehatzagoak egiteko.