Bukaerako erreakzioa ez du nahikoa izan Rezustak, eta Jaka nagusitu egin zaio (22-14)

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko api. 23a, 11:25

Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusiko estreinako partidua etxean jokatu du Beñat Rezustak, baina final-laurdenetako ligaxka ez du behar bezala hasi, Erik Jakaren aurka galdu egin du-eta. Lehen bost tantoak bergararrak egin baditu ere, lizartzarrak hamasei tanto segidan egin dizkio gero, eta hori erabakigarria izan da. Harmailetan sekulako giroa sortu da, etxeko pilotaria animatuz.

Bergarako Udal Pilotalekuan abiatu zen bart Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusiko final-laurdenetako ligaxka, eta etxeko pilotariak ezin izan zien garaipena eskaini partidu guztian bera animatzen aritu ziren pilotazaleei.

Indartsu ekin zion partiduari Rezustak eta Jakak, berriz, urduri. Lizartzarrak huts handiak egin zituen hasieran, eta lehen bost tantoak bergararraren aldekoak izan ziren.

Gero, ordea, sakearekin min handia egiten hasi zen Jaka, horietako asko eskuinera ateraz eta ostean airez erasokor arituz. Berehala bukatzen zituen tantoak, Rezusta aukera gutxirekin utziz. Bergararra 10-5ekoan nagusitu zen lehen aldiz piloteoan, baina Jakak defentsa ona erakutsi zuen eta tantoa bereganatu, etxeko pilotariak erasoan huts egin baitzuen. Horren ostean beste hainbat tanto piloteatu ere izan ziren, baina 2020ko txapeldunaren aldekoak izan ziren horiek ere. Konturatu orduko, aldea handia zen (16-5).

Une horretan, Jokin Etxaniz botileroaren aholkuak jarraituz, atsedena eskatu zuen Rezustak, partiduan zerbait aldatu beharra zeukala ikusita. Hurrengo tantoa bergararraren aldekoa izan zen, baina Jakak berean jarraitu zuen eta hamabi tantoko aldearekin joan zen bigarren atsedenaldi luzera (18-6).

Atsedenalditik bueltan, susperraldia izan zuen etxeko jokalariak, eta tanto on batzuk ere egin zituen, pilotazaleen oihuak eta animoak sorraraziz. Tanto horietan erakutsi zuen bergararrak partiduko mailarik onena eta markagailuan gerturatzea lortu zuen arren (20-14), sakea luze atera zuen eta hor joan zitzaizkion zituen aukera apurrak (20-15). Berandu iritsi zen Rezustaren erreakzioa eta Jakak partidua bukatzea lortu zuen azkenerako (22-14).

Rezustak azaldu zuen, bukaeran markagailua "txukuntzea" lortu arren, ez zela pozik geratu egindako partiduarekin. "Azkar eta erraz egin dizkit tantoak, askotan ez nekien non eta nola kokatu. Pena hasieran ez diodala partiduari heldu". Aurrera begira ere, ez dauka bide erraza bergararrak, Laso eta Artola izango dituelako aurkari ligaxkako B multzo horretan.

A multzoan, berriz, Altuna III., Dario, Zabaleta eta Ezkurdia daude.

Irribarria eta Tolosa garaile

Jaialdiko lehen partiduan aise nagusitu ziren Irribarria eta Tolosa, Elezkano II. eta Gaskue mendean hartuta (18-9).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak