Bergarako Udalean lurzoruaren okupazio publikoaren ordenantza berria ari dira lantzen eta horren inguruko bilera irekia egingo dute hurrengo asteartean, apirilaren 26an, ostalari, merkatari eta herritarrekin. 20:00etan izango da bilera udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Duela aste batzuk Udal Gobernutik aurreratu bezala, egun indarrean dagoenarekiko hainbat aldaketa proposatzen ditu ordenantza berriak. Besteak beste, ostalaritzako establezimenduak bakarrik arautu beharrean, merkataritzako establezimenduak ere arautuko ditu. Espazioaren okupazioa ere guneka banatzea planteatzen du proposamenak –erdigunea, ingurua eta auzoak–, eta ordaindu beharreko tasa ere zona bakoitzaren araberakoa izatea. Horretaz gain, proposamenaren arabera, baimena urtekoa izan beharrean, behin eskatu eta bertan behera uztea eskatu arte indarrean egongo da.
EAJren ekarpenak
Udal Gobernuak egindako proposamena landu dute udalbatzako alderdiek azken hilabetean, eta EAJk egindako hainbat ekarpen txertatzea eta beste batzuk baztertzea erabaki dute. Onartu direnen artean daude establezimendu mota guztiei ematea erakustokiak jartzeko aukera; terraza tabernatik kokatu beharreko espazioa 30 metrotik 35era handitzea; eta baita terrazetako altzariek CE marka izateko eskatzea ere. Azken horretatik kanpo geratuko lirateke merkatarien altzariak. Era berean, baiezkoa eman zaio auzoetako tabernariek bai, baina merkatariek, erakusleihoak jartzeagatik, ez ordaintzea.
Elementu finkoak jartzea eskatzen zuen EAJren beste ekarpenetako batek, baina hori ez du onartu Udal Gobernuak, lurzoruaren erabilera mugatuko lukeela argudiatuta. Ordenantza berriaren hasierako proposamenean plantatzen zen eskaria egin eta Udalaren erantzunaren artean bi hilabeteko epea ematea. EAJ hamabost egunera mugatu gura zuen epe hori, baina udal gobernuak erabaki du epea hilabetekoa izatea.