Kadeteetan Itxaso Askasibar Belar elgetarra eta Edurne Ormaetxea Arriaran aramaioarra arituko dira, jubeniletan berriz, Itxaso Plaza Amozarrain arrasatearra.
Kadeteek 41 kilometroko ibilbidea izango dute, Otxaraneko aldapa protagonista dela. Jubenilek aldiz, 66 kilometro egingo dituzte, eta Otxaraneko aldapaz gain, Avellanedako gaina eta Beziko gainak igo beharko dituzte.
Taldea, "sasoi oneko"
Estatu osoko emakume onenen aurka lehiatzen, "itxura oso ona" ematen ari direla azaldu dute taldeko ordezkariek: "Horren adibide, estatu osoko taldeen artean, 16. postuan dago sailkatu Bolintxo-Lana jubenil mailan eta bakarkako jubenilen sailkapenean, Itxaso Plaza 29. doa, beste guztiak baino proba bat gutxiagotan lehiatu den arren".
Lokatzako talde guztiekin egiten duten moduan, kirol emaitzez harago, emakume taldearen helburua ere gazteak heztea dela azaldu dute: "Hortaz, presio gabe baina ilusio guztiarekin doaz Balmasedara. Era berean, etorkizuneko emakume ziklistentzako ispilu ere izan nahi du taldeak, txirrindularitza emakumeen kirola ere badela erakutsiz".